euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emakumeak oholtza gainean protagonista izango dira Urrundik Euskal Elkartearen antzerki jardunaldietan

2007/02/20

Urrundikeko antzerki taldeko kide batzuk
Urrundikeko antzerki taldeko kide batzuk

PUBLIZITATEA

Entre Ríos probintziako Parana hiriko Urrundik elkarteak 'Emakumeen Bakarrizketak' izenburudun jardunaldiak egingo ditu, Augusto Carballalek zuzentzen duen antzerki taldearen eskutik. Bakarrizketek antzerki lantegiko bost kide izango dituzte protagonista: Mireya Alcain, Silvia Barrios, Marta Echagüe, Graciela Ramírez eta Susana Schiavoni; antzerkia eta emakumeen ahotsa Urrundikeko egoitza berriko oholtzara ekarriko dutelarik.
Paranako Urrundik Euskal Elkarteak emakumeei eskainitako antzerki gau batean parte hartzeko gonbitea luzatu die kide eta lagunei, ostegun honetan egingo duten 'Emakumeen bakarrizketak' antzerki emankizunarekin. Ekitaldia Augusto Carballalek zuzentzen duen antzespen ikastaroko kideek emango dute. Iaz hasi zen antzerki ikastaro hau, aktore eta zuzendari bezala entzutea duen Carballalen gidaritzapean, eta emaitzak oso onak izaten ari dira. Etzidamu aurten ikasitakoak elkarteko kide eta lagunen aurrean taularatuko dituzte ikasleek, emozio handiko gau batean.

Ostegunean Mireya Alcainek 'La solterona histérica', Gilberto Reyren lana antzestuko du; Silvia Barriosek 'El silencio de las tortugas', Lucía Laragione autorearena; Marta Echagüek 'La cascotona', Alberto Borlarena; Graciela Ramírezek 'El silencio es salud', Liliana Capaglik idatzitakoa eta, azkenik, Susana Schiavonik 'Cruces de sal' bakarrizketa antzeztuko du, Clara Carrera egilerarena. Emanaldiak gaueko 22:00tan hasiko dira, Urrundiken egoitza berrian (España 430). Sarreraren prezioa 5 pesotakoa izango da.

Talde berria martxoan

Bestalde, Urrundikeko arduradunek jakinarazi dutenez antzerki ikastaroan parte hartu nahi dutenek aukera berri bat izango dute, martxoan ikastaro berri bati ekingo zaiolako. Augusto Carballal izango da zuzendari eta taldea ostegunetan bilduko da, arratsaldeko 20:00tatik 22:00tara. Elkarteko kide zein publiko orokorrak parte hartu dezake ikastaroan. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute (0343) 4317676 edo 4225332 telefonoetara deituz edo e-maila bidaliz hona.


Lotura interesgarriak

Urrundik Euskal Elkartea, Paraná
www.urrundik.com.ar

Urrundikeko lehendakaria, 'Latidos' saioan
EuskalKultura.comen argitaratua, 2006ko irailaren 20an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia