euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Egungo Euskararen Hiztegia eta Sareko Euskal Gramatika jarriko ditu interneten kontsultagai EHUk

2008/01/18

EHUko katedradunak proiektu berria aurkezten (argazkia El Correo)
EHUko katedradunak proiektu berria aurkezten (argazkia El Correo)

PUBLIZITATEA

Egungo Euskararen Hiztegiko “f”, “g” eta “h” letrak sareratu ditu dagoeneko Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Euskara Institutuak. Hurrengo sei urteetan gainerako eduki guztia eskainiko dute apurka-apurka eta lan osoa 2014. urtean egongo da interneten. Sareko Euskal Gramatika, berriz, otsailean hasiko dira lantzen. Sortzaileek hizkuntzari buruzko entziklopedia izatea nahi dute eta gramatikaren informazioa hiztegiarenarekin lotuta egongo da bi proiektuak osatzen doazen heinean.

Euskarak munduko beste hizkuntzek sarean ez duten gramatika eta hiztegi osoa edukiko du amaituta 2014. urtean: Egungo Euskararen Hiztegia eta Sareko Euskal Gramatika. Orain arte hiztegiko “f”, “g” eta “h” letrak sareratu dituzte egileek, baina hurrengo sei urteetan gainerako eduki guztia eskainiko dute apurka-apurka Pello Salaburu, Ibon Sarasola eta Patxi Goenaga Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedradunek. Hainbat atal izango ditu hiztegiak. Egungo prosako testuak bilduko ditu, erabilera arrunteko hitzak, hitz teknikoak, gramatika hitzak eta historiako informazioa. Orain arte, 80.000 adibide bildu dituzte.

Sareko Euskal Gramatikari dagokionez, gramatika bat baino gehiago, hizkuntzari buruzko entziklopedia izatea nahi dute egileek. Gramatika guztiek bezala, fonetika, fonologia, morfologia eta sintaxiari buruzko deskribapenak jasoko ditu. Horrez gain, lexikografia, hizkuntzaren historia, jabekuntza eta prozesamendua, euskararen egoera eta erabilera datuak ere bilduko ditu. Sarean kontsultatzeko diseinatutako gramatika izanik, testuei grabazioak, mapak eta argazkiak erantsiko dizkiete.

Guztira, 790.000 euroko aurrekontua dute proiektua aurrera ateratzeko. Lehen atala den gramatika horrek, Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren ikerketa proiektuetarako diru laguntza lortu du: 320.000 euro. EHUk 150.000 euro jarriko ditu, erakunde pribatuekin lortutako akordioen ondorioz 140.000 euro hitzartuta dauzkate dagoeneko, eta beste zenbait iturritatik 180.000 euro lortuko dituzte.


Lotura interesgarriak

Egungo Euskararen Hiztegia
www.ehu.es/eeh

Hiztegi Batua Euskal Prosan
www.ehu.es/ehg
 



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia