euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako elkarteek ere gogoratuko dute Gernikako Bonbardaketa ekintza birtual eta aurrez-aurrekoekin

2021/04/23

Itziar Rodríguez Seijó
Itziar Rodríguez Seijó

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Astelehena apirilaren 26a da eta urtero bezala Bizkaiko herria izango da ekitaldien agerleku nagusia. Sarraskia gogora ekartzeko, egun osoko egitaraua prestatu dute Gernikako hainbat elkartek (programa, hemen) eta euskal erakundeek. Diasporak ere bat egingo du eta mota askotako ekintzak burutuko dira, gehienak euskal etxeen esparruan. Osasun egoerak behartuta, asko sare sozialetan izango dira; hala ere, herri batzuetan baimenduta daude topaketak, eta protokoloari jarraituz, plazetan edo areto handietan gauzatuko dira.

Aurten bereziki, leku askotan, hedabideetara eta sare sozialetara ateratzea, artikulu eta gogoetak argitaratuz, izango da Euskal Etxe eta euskaldun askok eguna ohoratzeko izango duten modua. Hona Gernikako Bonbardaketa oroitzeko egingo diren ekimen mota batzuk, helburu bereko beste askoren adierazgarri.. Zurea gehitu nahi baduzu, jarri kontaktuan hona idatziz.

Alemania

Berlingo 'Gernika' Euskal Etxea beste zenbaitekin antolatzaile, urtero hiriko 'Guernica Platz'en egiten den ekitaldi xumea egingo da, aurten apirilaren 25era, igandea, aurreratua. 15:00etan poema-irakurketa zuzeneko musika lagun eta lore-sorta uztea, tarteak, musukoa gainean eta osasun-neurriak oro errespetatuz, 

Argentina

-Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeak Jorge Padularen ‘El Roble de Guernica’ abestia zabalduko du astelehenean sareetan. Ekin Argitaletxeak Xabier Irujoren The Bombing of Gernika liburua argitaratuko du, ‘Aberri eta Askatasuna’ izeneko bilduman. Eusketxek informazio gehiago zabalduko du bere blogean.

-Cordobako Gerorak Udalak antolatutako Giza Eskubideen aldeko zeremonia batean hartuko du parte, gizatalde armeniar eta afrikarrarekin batera. Elba Mocoroa Gerorako lehendakariak hitz batzuk esango ditu, Arantza de Vadillo Urbietak Aurreskua dantzatuko du eta Elurra eta Haizea musika taldeak ‘Gernikako Arbola’ abestuko. Online izango da, apirilaren 27an.

-Mendozako Denak Bat-ek apirilaren 30an egingo du Gernikako biktimei begirako ekintza: Film bat proeiktatuko dute eta pintxoak prestatuko dituzte, saltzeko. 

-Rosarioko Zazpirak Bat-eko txikiek lore eskaintza utziko dute hiriko Gernika Plazan. Zeremonia 26an izango da.

-Viedma eta Patagonesko Aberri Etxeak Viedmako Kultur Gunean egingo du zeremonia. Hitzordua astelehenean, arratsaldeko 6eta. Informazio gehiago, hemen.

-Tandilgo Gure Etxeko lagunak bertako Gernikako Haritzaren oinarrian bilduko dira, egoitzaren aurreko plazan, arratsaldeko 4:30etan. Bonbardaketari buruzko hitz batzuk zuzenduko zaizkio publikoari, EEko dantzari batek Aurreskua eskainiko du eta lore eskaintza egingo diote Arbolari.

-Tres Arroyoseko Hiru Errekak Picassoren ‘Guernica’ren mural berria inauguratuko du ‘Plaza de los Vascos’ enparantzan, metalezkoa. Osasun egoeragatik, bideo baten bidez aurkeztuko da eta astelehenean bertan zabalduko Euskal Etxearen sareetan.

Txile

-Euskadiren Txileko Ordezkaritzak Gernikako Bonbardaketaren gomuta eta oroitzapen birtualean parte hartzera gonbidatu zuen, mikroipuin, poesia, kontakizun edo bizipen bat sortuz. Jasotako testuak apirilaren 28an gauzatuko duen ospakizun birtualean partekatuko dira, arratsaldeko ordu 2etan (Txileko ordua).

Uruguai

-FIVU Uruguaiko Euskal Elkarteen Federazioak zeremonia bat egingo du astelehenean, arratsaldeko 7etan, Zoom plataforma bidez. Parte hartzeko datuak fivu@netgate.com.uy helbidera edo Fivuren Facebooken eskatu behar dira.

Venezuela

-Caracasko Eusko Etxea bi ekitaldi ari da prestatzen aurten Gernika eta Durangoko bonbardaketen inguruan. Astelehenean, Bonbardaketen biktima zuzena izan zen Itziar Rodríguez Seijóren testigantza sareratuko dute Carakasko Eusko Etxearen Facebook-en, hemen. Datorren urrian, berriz, hiriko Zine Europarraren jaialdian hartuko dute parte Durangoko eta Gernikako Bonbardaketei buruzko lekukotasun bideo batekin.

Azken egunotan Gernikako Bonbardaketaren 84. urteurren honi buruzko artikuluak argitaratzen joan gara, Kolonbian, Estatu Batuetan... Agendan ere eman diegu lekua.

Idatziguzu bestelako zeurea ere gehitu nahi baduzu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia