euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Canal Vasco aurkeztu dute Txilen, Nazioarteko EITB eta Emprebask euskal-txiletar enpresarien elkartearen eskutik

2008/07/29

Jose Felix Azurmendi Canal Vascoren aurkezpen ekitaldian (argazkiak EiTB)
Jose Felix Azurmendi Canal Vascoren aurkezpen ekitaldian (argazkiak EiTB)

PUBLIZITATEA

Txileko euskal komunitateak Euskal Herria gertuago izango du hemendik aurrera, ETBek seinale-banatzaile txiletar batekin Canal Vasco bertan normaltasunez ikusi ahal dadin sinatutako hitzarmena medio. Euskal katea ikusteko aukera berria Santiagon egindako koktel batekin aurkeztu zuten joan den asteburuan. Ekitaldirako gonbitae egin zuten José Félix Azurmendik, Nazioarteko ETBko zuzendariak; Jon Erdozia Euskadiko ordezkariak eta Alejandro Sande-k, Emprebask euskal-txiletar elkarteko presidenteak. Informazioa, kultura eta kirolak izango dira Txilen Canal Vascok eskainiko dituen edukien ardatz nagusiak.

Santiago, Txile. Txileko euskal komunitateak koktel batekin ospatu zuen Canal Vascoren aurkezpena, hainbat agintari eta euskal jatorriko berrehun bat enpresari bildu zituen ekitaldian. Aurkezpena Txileko Santiagoko Club de Polo y Equitación San Cristobal-en egin zen, ETBko plazaratu duenez.  Jose Felix Azurmendi ETBko nazioarteko emisioen zuzendaria, Jon Erdozia Euskadiko ordezkaria Txilen eta Alejandro Hitschfeld Emprebask enpresari euskal-txiletarren elkarteko presidentea izan ziren ospakizunaren buru. Orain artean, Canal Vasco satelite bidez, edo, saio batzuk, tarteka beste kateetan ikus zitezkeen Txilen.

Orain, telebista kate arrunt gisa, bertako eta beste herrialdeetako kanaleekin lehian ikusi ahal izango da, hain zuzen ETBk Txileko GTD Manquehue enpresarekin lortu duen akordioari esker. Ekitaldian mintzatu zen GTDko zuzendariak, Fernando Sorok, Canal Vascoren programazioaren kalitatea nabarmendu zuen eta euskal jatorriko ikusleez gainera, kateari audientzia zabalagoa iragarri zion.

Harrera bikaina

Jon Erdozia Euskadiko ordezkariak, bere aldetik, biziki esrtu zuen gonbidatuen harrera beroa eta jendetsua. "Urrats handia eman da", adierazi zuen "eta beste pauso batzuk emango ditugula espero dugu, presarik gabe baina luzatu gabe". Joxe Felix Azurmendik, azkenik, txikitatik Txilerekin izan duen harreman estua ekarri zuen gogora. Ondoren GTDko Fernando Soro eta Fernando Ganaren lana eskertu zuen, izan ere, hilabete gutxitan, aurretik gestio luzeen ondoren lortu ez zena erdietsi baitute.

Jon Erdozia Euskadiko ordezkaria Canal Vascoren aurkezpenean, 2008

[Jon Erdozia, Txileko Euskadiko ordezkaria, Canal Vasco katearen aurkezpen ekitaldian]

Azurmendik Canal Vascoko programazioa azaldu zuen, programazio horren hiru ildo nagusiak aipatuz: entretenimendua, kultura eta kirolak. Eduki hauen atzetik degoen lan-talde zabala ere izan zuen ahotan eta programazio horren eredu,  bideo bat eskaini zuen.

Emprebaskek lehendakari berria

Alejandro Sande Hitschfeld Emprebask-eko presidente kargua estreinatu zuen ekitaldian eta bere mintzaldian enpresariek emandako erantzun ona eskertu zuen, euskal arloko gaiak eta ekimenak sustatzeko egiten duten ahalegina eta engaiamendua azpimarratuz. 

Euskal Etxeko zuzendaritzako kideek eta bertako abesbatzak ere hartu zuten parte aurkezpen honetan. Gizonezkoez osatutako abesbatzak “Agur Jaunak!” eta beste euskal kanta ezagunak abestu zituen.

Canal Vascori buruzko informazio gehiago, hemen

.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia