euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bilboko Markeliñe taldeak 'Carbón Club' antzeztuko du Londresko kaleetan abuztuaren 12tik 16ra

2009/08/12

Markeliñe-ren Carbón Club-eko irudi bat (argazkia Carlos Cazurro)
Markeliñe-ren Carbón Club-eko irudi bat (argazkia Carlos Cazurro)

PUBLIZITATEA

Sua eta piroteknia erabiltzen dituen meatzariei buruzko «Carbon Club» ikuskizuna emango dute hilaren 12tik 16ra Londresen, bertako Antzerki Nazionalak antolatzen duen 'Watch This Space' jaialdiaren barruan. Antzezlanaren zuzendari teknikoa den Jon Kepa Zumaldek azaldu duenaren arabera, erronka handia izango da Britainia Handira egiten duten lehen irteera hau, hango publikoa ohituago dagoelako emanaldi ikusgarrietara. Nazioarteko beste hitzorduetarako atea irekitzeko aukera ere ez dute baztertzen. Itziar Amestoy-k sinatzen du Gara-ko informazioa.

Bilbo, Bizkaia. Sorkuntza originalez betetako ibilbide luzea izan arren, Markeliñe konpainiak ate berriak zabaltzen jarraitzen du. Lehen aldiz Britainia Handian bere lana erakusteko aukera izango dute oraingoan. Londreseko Antzerki Nazionalaren Watch This Space jaialdian parte hartuko dute abuztuaren 12tik 15era. Hala, «Carbon Club» lana antzeztuko dute bertan, «piroteknia erabiltzen duen gaueko ikuskizuna, ikuslea harritzea lortzen duen muntaia indartsua».

Jon Kepa Zumaldek, antzezlanaren zuzendari teknikoak, oso emanaldi «bereziak» izango direla onartu du. Lehenik eta behin, hiriburua ezagutzeko aukera izango baitute taldeko kideek; bestaldetik hango ikusleria harritzea erronka interesgarritzat hartzen duelako. «Gure lana eskaintzean, zerbait berria ematen saiatuko gara».

Hizkuntza aldetik oztopo handirik ez dutela izango uste du Zumaldek. «Oso ikuskizun bisuala da eta hitz gutxi erabiltzen ditugu». Erabilitako horiek ingelesez era ulergarrian ematen saiatuko dira eta beste elementu batzuk, Antonio Molinaren «Soy minero» abestia kasu, sarreran banatuko duten informazio-orrian azalduko dituzte.

Meategiari, adiskidetasunari, maitasunari buruzko istorio hau antzezteak esanahi biribila du Londresen, zuzendari teknikoaren aburuz, hango ikusleriarentzat ere meategiak benetan zentzu berezia baitute.

Traba nagusia beharrezkoak diren azpiegiturak garraiatzea izan da. Behin hori antolatuta, emanaldi hauekin aukera gehiago sortzearen itxaropena dutela azaldu du. Horrela sortu baitzen Londresekoa. Krisi ekonomikoaren eraginez emanaldi kopurua murriztu dela onartu arren, «horrelako aukerak ere sortzen direla» esan du Jon Kepak.

Kaleko ikuskizuna eta antzoki barruko trama uztartzen dituen lan arrakastatsua Londresko jaialdira eramateak poz berezia egiten diela esan dute Markeliñe taldekoek. «Istorioa kontatzeko era berezia du, kaleko ikuskizuna izanda, antzoki barruan dauden kontatzeko erak erabiltzen ditu», azaldu du Jon Kepa Zumaldek. Kalerako korapilatsuegia izan daitekeela iruditu arren, denbora jauzi asko baititu, publikoak istorioaren hariari ondo heltzea lortzen dutela esan du eta, ondorioz, oso ulergarria egiten dela. «Emanaldia amaituta, sentsazio politarekin geratzen da publikoa».

-Antzerki taldearen webgunea: www.markeline.com
-Obrako argazkiak: www.cazurro.com

(jatorriz Garan argitara emaniko artikulua)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia