euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Antzerkia, musika eta dantza izango dira euskal proposamenak Manizaleseko Antzerki jaialdian, Kolonbian

2007/10/04

Euskal Plataforma Eszenikoaren aurkezpen prentsaurrekoaren irudia atzo Donostian
Euskal Plataforma Eszenikoaren aurkezpen prentsaurrekoaren irudia atzo Donostian

PUBLIZITATEA

Euskal antzerkiak hitzordua du aurten ere Manizaleseko Antzerki Jaialdiarekin. XXIX. edizioa du aurten jaialdiak eta bihar ostirala hasi eta urriaren 15a bitartean iraungo du. Oraingoan euskal presentzia Euskal Plataforma Eszenikoaren eskutik helduko da. Arte eszenikoak bultzatzeko ekimen berria da hau eta Manizalesekoa izango du bere lehen irteera. Sei ikuskizun aurkeztuko dituzte: hiru antzezlan, bi dantza ikuskizun eta musika kontzertu bat.
Eusko Jaurlaritzak Euskal Plataforma Eszenikoa sortu du eta Kolonbian, Manizaleseko Antzerki jaialdian, aurkeztuko du ekimen berri honen lehen proposamena. Plataformaren helburua arte eszenikoentzat merkatu berriak irekitzea eta euskal ekoizpena hedatzen laguntzea da. Sei proposamen eszeniko joango dira bertara, atzo Donostian egin zen prentsaurrekoan Iñaki Gomezek, Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak, azaldu zuenez.

Horietariko hiru antzerki-ikuskizunak dira: Tanttaka Teatroaren 'El florido Pensil', Vaivén Producciones taldearen 'Antigona' eta Markeliñe taldearen 'Txitxarra eta inurria'. Beste bi, dantza-ikuskizunak dira: Kukai-Tanttaka taldearen 'Otehitzari biraka', eta Kukai Dantza Taldearen eta Logela Multimedia taldearen 'Taupadak' lanak. Azkenik, musika ikuskizun bat ere egongo da, Iñaki Salvador Quartet-en eskutik.

Zuzeneko ikuskizunen erakusketa osatzeko, hainbat jarduera ere antolatu dira parez-pare Manizalesen, euskal kulturaren ikuspegi ahalik eta zabalena ematen lagunduko dutenak: Euskal Herriko sukaldaritza herrikoiari buruzko lantegia, hitzaldiak eta mahai-inguruak, eta Kimuak saileko euskal filme laburren zinemaldia. Era berean, eztabaidak eta topaketak egingo dira antolatzaileekin eta Amerika osoko sortzaileekin, alderdi guztientzat onuragarriak izan daitezkeen proiektu kulturalak eta komertzialak, bai eta merkatua ere, sortzeko helburuarekin.


Lotura interesgarriak

Manizaleseko Antzerki Jaialdia, Kolonbia
www.festivaldemanizales.com

Euskal Herria ohorezko gonbidatu Manizalesen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko uztailaren 26ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia