euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertso saioak gaur Renon eta igandean San Frantziskon, Xabier Euzkitze EHko gonbidatu: segitu online

2023/03/10

Datorren igandeko bertso jaialdia San Frantziskoko Gure Euskal Etxean egingo da, eta zuzenean online segitzeko aukera eskainiko du
Datorren igandeko bertso jaialdia San Frantziskoko Gure Euskal Etxean egingo da, eta zuzenean online segitzeko aukera eskainiko du

PUBLIZITATEA

Reno, Nevada, AEB. Bertsozaleek berri onak dauzkate egun hauetan Estatu Batuetan, batetik Xabier Euzkitze bertatik baitabil, eta Europako Euskal Herrian oholetatik bertsolari gisa erretiratua badago ere, ez da gauza bera gertatzen hemengoan, noizbehinka jardun izan baita, eta gaur ostirala [Renoko arratsaldeko 5ak direla, EHko larunbateko goizaldeko 2:00etan] eta etzi igandea bi saiotan izango da parte, gaurkoan Nevada Renon, igandekoan, Kaliforniako San Frantziskon.

Gaurkoari dagokionez, Renon atzo eta gaur Robert Laxalt idazle eta kazetari euskal-iparramerikarraz egiten ari izan diren Biltzarraren amaieran dator. Hainbat adituk aztertu dituzte martxoaren 9 eta 10ean Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroa antolatzaile, AEBko idazle euskal-iparramerikarrik famatu eta esanguratsuena den Laxalten bizitza eta obra, aurten hura jaio zela ehun urte beteko direla aitzaki. Biltzarraren ondotik, euskal jai bat antolatu da unibertsitateko Wells Fargo Auditorium-en, Reno bertako Zazpiak Bat Euskal Etxeko dantzariak, Maddi Agirre eta Mikel Petrirena musikariekin, eta Estatu Batuetako eta Euskal Herriko bertsolariak partaide. Ikus hemen programa.

Igandean SFOko Gure Euskal Etxean, eta online

Igandean, berriz, oholtza San Frantziskoko Gure Euskal Etxea edo Basque Cultural Center-en auditoriumean ezarriko da, eta Xabier Euzkitzerekin batera arituko dira, Boisetik etorrita Todor Azurtza, Wyoming-eko Rock Springs-etik Martin Goicoechea, eta San Frantzisko bertako Johnny Curutchet. Gogora dezagun, duela aste batzuk Xabier Euzkitze eta Aner Peritz aita-semea bertsotan elkarrekin arituko zirela iragarri bazen ere, azkenean, Estatu Batuetan sartzeko arazo administratiboen karietara hori ez dela posible izan, zale asko penaturik.

Gogoan eduki igandeko saioa zuzenean emango dela streaming-ez, eta hemendik segitu ahal izango dela, Kaliforniako 14:30ak aldera, Euskal Herriko 23:30ak irian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia