euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Berri Txarrak talde nafarrak itzulia hasiko du Brasil, Argentina, Mexiko, Txile eta Kanadara hilabete azkenean

2011/02/10

Gorka Urbizu, Galder Izagirre eta David Gonzalez-ek osatzen dute Berri Txarrak
Gorka Urbizu, Galder Izagirre eta David Gonzalez-ek osatzen dute Berri Txarrak

PUBLIZITATEA

Asian barrena bira egin ondoren eta azken hilabeteotan Euskal Herrian emandako hainbat kontzerturen sarrerak agortu ostean, Berri Txarrak talde nafarrak Latinoamerika eta Kanada bisitatuko ditu otsail hondarrean hasi eta martxoko lehenengo bi asteetan egin behar duen biraren barruan. Bira honek Brasil, Argentina, Txile, Mexiko eta Kanadara eramango ditu, hain zuzen ere, Curitiba, Sao Paulo, Buenos Aires, Bellavista, San Antonio, Santiago, Mexiko Hiria eta Torontora, otsailaren 25an hasi eta martxoaren 10a bitartean.

Lekunberri, Nafarroa. Urrian eta azaroan Asian Tour 2010 birarekin Txina, Hego Korea eta Japonia bisitatu ostean, eta azken hilabeteotan Euskal Herriko zenbait areto bete ondoren, Latinoamerikako bira berri bati, eta Kanadarako bisita bertan txertatuz, ekingo dio hirukote nafarrak datozen asteotan. Berri Txarrak talde euskalduna eta Rise Against talde estatubatuarra elkarrekin arituko dira Brasilen eta Argentinan, Chicagoko taldeak 2011ko otsailean egingo duen Hego-Ameriketako biraren barnean. Ondoren, euren kabuz arituko dira lekunberritarrak Txile, Mexiko eta, azkenik, Kanadan. 

1994an Lekunberrin sortua (Nafarroa), Berri Txarrak taldeak sei disko eta dokumental bat kaleratu ditu orain artean, etengabeko garapen musikala erakutsiaz. Euskal Herriko rock agertokitik abiatuta, munduan zehar hainbat bira egin ditu jada egun hirukoa den talde honek. Diskografia zabala du taldeak, Berri Txarrak (1997), Ikasten (1999), Eskuak / Ukabilak (2001) Libre © (2003), Jaio.Musika.Hil (2005) eta Payola (2009).  Azken bi disko hauekin, aurreko urteetan irekitako nazioarteko ildoa sakondu eta soka luzeko birak burutu ditu, hiru urtetan berrehundik gora emanaldi eskaini dituelarik. Japonia, Taiwan, Nikaragua, Mexiko, AEB… eta Europan barrena hainbat tour eginez, horietako bat, oraingoan lagun izango duten Rise Against taldeak gonbidatuta.

2010eko Abuztuan, Galder Izagirre bateriajotzaileak hartu zuen taldearen jatorrizko bateriajoleak (Aitor Goikoetexea) utzitako tokia. Azken urteotan formazioan eman diren aldaketetako azkena izan zen hau, Gorka Urbizu (gitarra eta ahotsak) eta David Gonzalezekin batera (baxua), egungo Berri Txarrak osatu arte.

Euskal Herrian taldeak ohikoa duten harrera onaz gain, esan beharra dago taldearen Payola azken diskoa Espainiako disko salduenen zerrendan sartu zela (7. tokia), euskarazko talde batek sekula lortu ez duena erdietsiz. Izan ere, taldeak Payola azken lan hau aurkeztuko du ondorengo egun eta lekuetan egingo duen tour-ean:

-Otsailak 18, San Jose Dos Campos (Brasil) Hocus Pocus @ 20:00
-Otsailak 19, Sao Paulo (Brasil) Hangar 110 @ 20:00
-Otsailak 21, Bragança Paulista (Brasil) Venue @ 22:00
-Otsailak 24, Santo Andre (Brasil) Tupinikim @ 21:00
-Otsailak 25, Curitiba (Brasil) Master may @ 19:00
-Otsailak 26, Sao Paulo (Brasil) Carioca Club @ 19:00
-Otsailak 27, Buenos Aires (Argentina) Groove @ 18:00
-Martxoak 3, Bellavista (Txile) Oxido @ 22:30
-Martxoak 4, San Antonio (Txile) C.C. Secreto Perfecto @ 20:00
-Martxoak 5, Santiago (Txile) C.C. Poeta Neruda @ 17:00
-Martxoak 8, Mexico Hiria (Mexiko) Caradura @ 20:00
-Martxoak 10, Toronto (Kanada) Candian Music Fest. 2011 @ 14.00

-'Denak Ez du Balio' abestia, Rise Againsteko abeslariaren kolaborazioarekin
-Berri Txarrak webgunea

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia