euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Berri Txarrak-ek Txina, Korea eta Japonia bisitatuko ditu ostegunean hasiko duen Asian Tour 2010 biran

2010/10/19

Gorka Urbizu, Galder Izagirre eta David Gonzalezek osatzen dute Berri Txarrak
Gorka Urbizu, Galder Izagirre eta David Gonzalezek osatzen dute Berri Txarrak

PUBLIZITATEA

Urriaren 21ean hasi eta Azaroaren 4ra bitarte, Berri Txarrak taldeak bira berri bati ekingo Asian zehar, Txina, Korea eta Japonia ikutuz. Lekunberrikoek euren azken lana, "Payola", aurkeztuko dute, Galder Izagirre bateriajole berriarekin. Txinan Pengyu, Macau eta Hong Kong izango dira bisitatuko dituzten hiritzarrak. Hego Koreako hiriburuan 3 kontzertu datoz jarraian. Eta biraren amaieran Japonia, Brahman bertako talde ezagunarekin batera. Hirugarren aldia du Berri Txarrak-ek Japonian. Oraingoan, ordea, hegoaldeko eremua izango dute jomuga: Kagoshima eta Oita-Shi, hain zuzen ere.

Lekunberri, Nafarroa. 1994ean Lekunberrin (Nafarroa) sortua, Berri Txarrak taldeak sei disko eta dokumental bat kaleratu ditu orain artean, etengabeko garapen musikala erakutsiaz. Euskal Herriko rock eszenatik abiatuta, munduan zehar hainbat bira egin ditu jada egun hirukoa den talde honek. Gorka Urbizu (gitarra eta ahotsa), Aitor Goikoetxea (bateria), Mikel Lopez “Rubio” (baxua) eta Aitor Orejak (gitarra) osatu zuten taldea 2003 urtera arte. Bitarte horretan taldeak lau disko plazaratu zituen, guztiak ere GOR disketxearen abaroan: Berri Txarrak (1997), Ikasten (1999), Eskuak / Ukabilak (2001) eta Libre © (2003).

Lehenengo biekin euskal eszenan euren lekutxoa egin bazuten, hirugarrenarekin eta batez ere Libre ©-rekin estatura irten eta prentsa musikalaren oniritzia jaso zituen (Estatuko urteko diskorik onena Rock Sound aldizkariaren erredakzioaren iritziz). 2003an Aitor Orejak taldea utzi eta Berri Txarrak-ek hiruko moduan jarraitzea deliberatu zuen, bere ibilbidean mugarri bihurtuko zen lana grabatzeko asmoz: Jaio.Musika.Hil (GOR, 2005). Karlos Osinagak (Lisabö) Erasoko baserri batean grabatu eta Kansasen (AEB) Ed Rosek nahastua izan zen. Mondosonorok, Entzunek eta bestelako aldizkariek urteko lanik onenen artean kokatu zuten bosgarren lan hau. Disko honekin, hirukoak aurreko urteetan irekitako nazioarteko ildoa sakondu eta soka luzeko bira burutu zuen, hiru urtetan berrehundik gora emanaldi eskaini zituztelarik: Japonia, Taiwan, Nikaragua, Mexiko, AEB… eta Europan barna hainbat tour etorriko ziren, horietako bat Rise Against taldeak gonbidatuta.

Bira honen ostean Rubio baxulariak taldea utzi eta David Gonzalezek hartu zuen bere tokia. 2008a kantuak ondu eta nazioarteko zenbait agerraldi egiten eman ondoren (Fujirock –Japonia-, Maifest –Zürich-…), 2009ko Apirilean Chicagora jo zuen taldeak, Steve Albini soinu-ingeniariarekin batera seigarren diskoa grabatzeko xedez: Payola. Disko hau Roadrunner Records disketxe ezagunak kaleratuko zuen, 2009ko Irailaren 14an.

2010eko Abuztuan Galder Izagirre bateria jotzaileak hartuko zuen Aitorrek utzitako tokia, Gorka Urbizu (gitarra eta ahotsak) eta David Gonzalezekin batera (baxua), egungo Berri Txarrak-en formazioa osatzeko.

Taldeak Payola azken lana aurkeztuko du Asian zehar, hain zuzen ere Txina, Hego Korea eta Japonian. Hemen Asiako biraren data guztiak:

-Urriaren 22an: Pengyu (Txina) @ Intown
-Urriaren 23an: Macau (Txina) @ Blue Frog
-Urriaren 24ean: Hong-Kong (Txina) @ Backstage
-Urriaren 29an: Seul (Hego-Korea) @ TBC
-Urriaren 30ean: Seul (Hego-Korea) @ Club TA
-Urriaren 31ean: Seul (Hego-Korea)) @ Club FF
-Azaroaren 2an: Kagosgima - Kokubun (Japonia) @ Fuzz Rock Hall"
-Azaroaren 4ean: Oita-Shi (Japonia) @ T.O.P.S. Bitts Hall



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia