euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Asteburuan hasiko dira munduan Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatzeko ekitaldiak euskal etxe eta zentroetan

2026/11/26

2026ko Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldietako batzuk, Brusela, Montevideo, Valentzia, Berlin, Txileko Santiago eta Bordelen
2026ko Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldietako batzuk, Brusela, Montevideo, Valentzia, Berlin, Txileko Santiago eta Bordelen

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Abestiak dioen bezala euskara bada “euskaldun egiten gaituena”, Euskararen Nazioarteko Eguna festa zein aldarria bilakatua da mundu osoko hamaika euskaldunentzat –berdin non jaio edo bizi diren– euskararekin daramaten maitemin erlazio berezian. Data, stricto sensu, abenduaren 3a da, San Frantzisko Xabierren eguna, baina ohiturari jarraiki, kasu askotan festa eta aldarriaren programak egun horretan ez ezik, azaroaren amaiera aldean hasi eta abenduaren erdialdera arte ere luzatu ohi dira munduan barrena egiten zaizkion atxikimenduetan. Argentinako hitzorduak bigarren artikulu batean emango ditugu.

Hitzaldiak, mintzodromoak, jolas jarduerak… tokian tokiko antolaketek bat egin eta indartu egiten dute euskaldun guztiek han-hemen komunean duten motibazioa: ospatzea eta nazioartean euskaldunak dauden lekuetan ere ikusgarritasuna ematea euskarari. Helburu horrekin, FIVUren parte diren Uruguaiko euskal etxeak, esan nahi baita Ibai Ondoko Etxea (Carmelo), San Joseko Euskaldunak Taldea (San José), Vasconia Florida (Florida), eta Euskaro eta Haize Hegoa (Montevideo), datorren asteburuan, azaroaren 28an, larunbata, bilduko dira, aurtengoan Ibai Ondoko Etxea antolatzaile. Euskal Etxeetako ikasle eta irakasleek egunpasa egingo dute Carmelon jolasak, karaoeka eta bazkaria barne.

FIVU federazio uruguaitarrak deitutako ekitaldi komunaz gain elkarteetako batzuk tokiko ekitaldiak ere egingo dituzte eta Montevideon, esaterako, Haize Hegoa euskarari buruzko hitzaldi bat eskainiz aurreratu zen festara azaroaren 24an; eta Euskarok abenduaren 6an ere ospatuko du Euskararen Eguna bere bazkide eta lagunekin, elkartearen urte amaierako jaia (informazioa hemen).

Kontinentean gora, ospakizuna aurreratuko dutenen artean Mexiko Hiriko Euskal Etxea behar da aipatu, bertan ere deia azaroaren 28rako plazaratu baitute, programa bereziki erakargarri batekin gainera, afari-solasaldi bat antolatuta bere egoitzan euskal etxe mexikarrak Danele Sarriugarte euskal idazlearekin, baliatuz sortzaile elgoibartarra Mexikon dela egunotan Guadalajarako Liburu Azokan parte hartzeko. Informazioa, hemen.

Europa aldean, Valentziako Euskal Etxeak ere azaroaren 28an egingo du bat Euskaren Egunarekin. Programa eguerdiko 12etan hasiko da herri kirolekin eta ordu bietan herri bazkariarekin jarraituko du. 16etan, nazioarteko mintzodromoa egingo dute online Estatu Batuetako euskara ikasleekin. Gauean, musika zuzenean, TOC eta The Soulanders-ekin (Informazioa hemen). Palma Mallorcako Artea Euskal Etxeak, atzo asteazkeneko zinema emanaldiaren ostean –Sacamantecas euskal filma proiektatu zuten Ciutat Zineman– Nafarroako Egunarekin batera ospatuko du larunbatean, Euskal Herritik propio etorritako ‘El Gran Ritxarson’en kontzertua tarteko.

Igandean, azaroaren 29an, ere bada hitzordurik, hala nola Txileko Santiagon egingo duten 2026ko Mintza Txokoa, hiriko euskaldunei euskara protagonista izango duen euskaraz mintzatzeko aukera berezia eskainiz, baloitza daukan maialarekin, beti ere une polit bat partekatzea helburu. Parte hartu nahi duenak izena behar du eman aldez aurretik, ostiralera arte. Hitzordua azaroaren 29an da, goizeko 11etan, Las Condesko Estadio Español-en. Informazio gehiago hemen.

Abenduaren 3an bertan ere ospatuko dute ENE, bistan denez. Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxean Euskararen Egunaren ospakizuna euskara klaseen urteko azken klasearekin egingo dute, jarduera ludiko eta gastronomiko batekin, Gabriel Arce irakasle, EEko Zuzendaritza Batzordeko kide eta sukaldari diren Josu Lariz-ek eta Mª del Coro Goenagak, pintxo tailer bat eskainiko baitute euskaraz, ikasleak partaide aktibo. Urte amaierako topa-egitea ere egongo da eta tailerrean prestatutako pintxoak dastatuko dituzte, ikasleek urteko diploma jasoz.

Estatu Batuetan, Reno-Nevada Unibertsitateko Jon Bilbao Euskal Liburutegiak abenduaren 3an inauguratuko du unibertsitate bereko William A. Douglass Euskal Ikasketa Zentroarekin batera zabalduko duen Basque Memory on Paper erakusketa, komisario, Maialen Hernandez Morales Euskal Liburutegiko graduondoko laguntzaile eta Euskal Ikasketa Zentroko doktoregai dena, eta Maren Lasa Etxeberria 2026ko Global Training-eko bekaduna. Erakusketak, denboran irauteko pentsatuta ez zeuden baina, diasporako beste material batzuekin batera gorde eta iraun duten elementuak partekatuko ditu, adierazgarri eta esanguratsu bilakatuta kuturalki.

Peruko Limako Euskal Etxean, hirian eta bere inguruan dauden Erasmus programako euskal gazte talde baten eskutik antolatu da Euskararen Eguneko aurtengo jarduera. Hitzorduak afari forma hartu du, euskarazko dinamika eta abestiak egitarauan. Horrez gain, Euskal Etxeko lehendakari Raúl Noblecillak hitzaldia eskainiko du Euskararen Eguna eta San Frantzisko Xabier hizpide hartuta.

Hiriburu europarrean, Bruselako Gazteak eta Bruselako Euskal Etxea antolatzaile, abenduaren 5ean izango da ospakizuna. Proposamena, bertso bazkari bat, Urko Arregi eta Iker Letamendia bertsolarien eskutik. Bazkaldu bitartean eta ondoren, bertsoak, euskara eta Euskal Herriko moduko giroa lagun. Sarrera, hemen. Berlingo Euskal Etxeak egun berean ospatuko du ENE: 12:30ean, hizkuntza erretratuen tailerra; 13:30ean, bertso bazkaria Paule Ixiar Loizaga, Unai Mendiburu eta Kerman Diaz bertsolariekin. Informazio gehiago, hemen. Eta Berlinen ere, baina abenduaren 8an, 18etan, Berlingo Freie Unibertsitatean ospatuko da, euskal musika tradizional emanaldi batekin: alboka, panderoa, xirula eta musika tresna gehiago entzungai. Informazioa, hemen.

Alemaniatik atera gabe, baina egun bat lehenago, abenduaren 4an, 12etatik 14etara, eta Frankfurteko Goethe Unibertsitateko irakurletzak antolaturik, Iñaki Iurrebaso soziologo eta ikertzaileak euskararen egoerari buruzko hitzaldia emango du online. Hitzaldia gazteleraz izango da. Konblenzeko Txengel Etxeko lagunek ere parte hartuko dutela aktibitatean.

Frantzian, Bordaleko Euskal Etxeak gonbidapen berezi bat luzatu du abenduaren 5erako. ‘Euskal Herritik Bordelera’ izenburuko kultur zikloan, Donostian bizi den Scott Zúñiga estatubatuar euskaldunak bere euskalduntze prozesuari buruzko hitzaldia emango du. Saioa 18etan izango da, Euskal Etxean. Izena ematea, hemen.

Sydney-n, oraintsu bere 60. urteurrena ospatua duen Gure Txokon, euskara ikasle eta irakasleek prestatuko dute bazkaria Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Mus partidak ere gauzatuko dira eta bingo-zozketa baten moduko saio bat. Euskal kantek dagokien lekua izango dute bazkarian eta bazkalostean, eta urteurrenerako prestatutako bertso arrakastatsuak berriro ere botako dituzte doaike euskara eta euskaldunen iragana, oraina eta geroa festa giroan ospatu eta aldarrikatuz egingo duten ekitaldian.

Hemen aipatzen diren hitzorduak Euskararen Nazioarteko Eguna munduan ospatzeko antolatu diren saioetako batzuk baino ez dira. Hauek eta hitzordu gehiago gure agendan topa ditzakezu. Zeure euskal etxe edo elkartekoak ikusten ez badituzu, idatzi info@euskalkultura.eus helbidera eta pasatu mesedez informazioa.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia