euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Begotxu Olaizola irakasle gonbidatua Galesen Alan King Katedran, eta Eider Rodriguez Chicagon, Koldo Mitxelenan

2026/11/25

Eider Rodriguez (Koldo Mitxelena Chair University of Chicago) Begotxu Olaizola (Alan R. King Chair University of Wales Trinity Saint David)
Eider Rodriguez (Koldo Mitxelena Chair University of Chicago) Begotxu Olaizola (Alan R. King Chair University of Wales Trinity Saint David)

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Begotxu Olaizola Elordi hizkuntzalari eta irakasle donostiarra gonbidatu du Galesko Trinity Saint David Unibertsitatean Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen Alan R. King Katedrak, datorren asteburutik, azaroaren 28tik, abenduaren 8ra artean bertan jardun eta Euskararen Egunaren harira, euskararen biziberritzea, hizkuntza-komunitateen erronkak eta hezkuntza gaiak landu ditzan. Olaizolak menperatzen duen hizkuntza eta errealitatea da galesa. Aldi berean, Etxeparek berak Chicagoko Unibertsitatean sustatzen duen Koldo Mitxelena Katedra programa bat ari da garatzen urriaren 14tik abenduaren 8ra Eider Rodriguez idazle eta irakaslea gonbidatuta, Indarkeriaren historia bat: euskal kulturan zehar ibilaldi bat izenpean; literatura, zinema eta euskal kulturatik abiatuta indarkeria irudikatzeko eta kontatzeko modu desberdinak aztertuko ditu mintegi-zikloak.

Hauek dira abenduaren 3an eta 4an University of WalesTrinity Saint David Unibertsitateko Alan R. King Katedrak Begotxu Olaizola partaide iragarri dituen jarduerak: abenduaren 3an 09:30–11:30. Ikastolen pedagogia eta curriculumari buruzko tailer hibridoa, Galesko hezkuntza elebidunari eta galesari buruzko ikerketa-sarearekin elkarlanean;12:30–14:00. Euskara biziberritzeari eta komunitate-hizkuntza gisa dituen erronkei buruzko hitzaldia eta eztabaida;15:00–16:00. Hasiberrientzako euskara-saioa. Abenduaren 4an, 10:30–11:30. Akademikoei zuzendutako euskara-saioa; 13:00–14:00. Aurretik euskara ikasi dutenentzako saioa; 15:00–16:30. Arnasguneei buruzko tailerra, Galesko eta Euskal Herriko egoerak eta hurrengo urratsak aztertzeko.

Eider Rodriguez Chicagon

Eider Rodriguez idazle eta irakasleak, berriz, Chicagoko Unibertsitateko Koldo Mitxelena Katedran hartuko dute parte, Indarkeriaren historia bat: euskal kulturan zehar ibilaldi bat programa garatuz literatura, zinema eta euskal kulturatik abiatuta indarkeria irudikatzeko eta kontatzeko modu desberdinak aztertuko dituen mintegi-zikloan. Programa lau ardatzen inguruan egituratu du: gorputza gudu-zelai gisa; hizkuntza gudu-zelai gisa; euskal gatazka eta haren inguruan sortutako zinema- eta literatura-estereotipoak; eta hizkuntzak euskal errealitatearen zenbait alderdi adierazteko dituen mugak, baita irudikapen-zailtasun horiek gainditzeko alegoriek, metaforek eta sinboloek duten erabilera ere, Etxepare Instituturik adierazi dutenez.

Eider Rodriguez (Errenteria, 1977) idazlea eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea da. Publizitatea eta Zinema ikasi zituen eta Literaturan doktorea da. Editore eta gidoilari lanetan ere jardun du. Bere literatura-lan nagusien artean daude Eta handik gutxira gaur, Haragia, Katu jendea, Bihotz handiegia, Eraikuntzarako materiala eta Dena zulo bera zen. Literatur kritikaren, komikigintzaren eta itzulpenaren arloetan ere jardun du.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia