Rocklin, Kalifornia, AEB. Urtero urriko bigarren asteburuaren inguruan egin ohi dira Estatu Batuetan euskal piknik sasoiko azkeneko bi euskal festak, Kaliforniako Rocklin-en eta Nevadako Las Vegasen, hurrenez hurren. Bihar eta etzi, alegia, urriaren 10 eta 11n, larunbatean bata, igandean bestea, xehetasun guztiak dagoeneko landuta eta bertaratzeko deiak ezker-eskuin zabalduta. Bi hiri, bi estatu eta komunitate desberdinetan kokatuak daude Rocklin eta Las Vegas, bakoitza bere ezugarriekin eta bien arteko konbinazioak ederki betetzen du sasoiari azken agurra emateko funtzioa. Aurten, gainera, segidan aipatuko ditugun proposamen erantsi batzuk ere tarteko.
Kalifornia iparraldean kokatua, Rocklin barnealdean dago, Sacramento hiriburutik iparekialdera, eta inguruan izana du euskal presentzia historikoa. Egungo euskal elkartea, ordea, berriagoa da, eta San Frantziskon, bertako Euskal Etxearen magalean hazitako euskal belaunaldi berriak etxeen prezio altuak bultzatuta hiritik ateratzen hasi zirenean hasi zen sortzen 'Iparreko Ibarra' Euskal Etxea, mende honen hasieran. Bertan SFOko eredua errepikatu zuten, dantzariak, musa, klika... Piknika bihar Lincoln-en egingo dute. Lehenengo ekitaldiak goizeko 8:00etan hasiko dira, Mus Txapelketarekin. Eguerdiz, bazkari legea pasatu eta ekitaldi berezia izango dute, NABOren Kantari Eguna, bi urtean behin ostatatzen dutena. Euskal kantu eta bertsolaritza sustatzeko asmoa duen jaialdi honetara zale guztiak daude gonbidatuta, eta bertako klika eta dantzariak ere oholtzaratuko dira. Arratsaldeak, txinga-proba ere ekarriko du, 18:00etan ardiki eta oilasko erre afaria, eta zozketak; eguna dantzaldi batekin bururatzeko, Fresnotik batutako Izen Gabe taldearen euskal-amerikar musikapean.
Horrekin batera, goizean goiz hasita baita ere, NABOren udazkeneko bilkura, herrialde osotik etorritako euskal etxeetako delegatuekin.
Igandean, urriaren 11an, berriz, Las Vegaseko 45. Euskal Besta izango da 2026ko piknik sasoiko azkena, Las Vegasko Lagun Onak Euskal Etxea antolatzaile. Eguna 11etan hasiko dute, Kaliforniatik etorritako aita Antton Egigurenek emango duen mezarekin, euskaraz eta ingelesez (online zuzenean AEBko Artzain Ona euskal elkarte katolikoaren Facebookean ikusgai, EHko 20:00etan); ondotik akordeoi saio herrikoia jendeari euskal kantu zahar eta berriak kantatzeko aukera emanez, tartean aperitifa, eta gero bazkari herrikoia. Hau guztia Las Vegas ondoan dagoen Spring Mountain Ranch State Park inguru ederrean. Eta bazkalostean mus partidak eta dantza apur bat hala nahi duenarentzat akordeoiaren musikaz, parke publikoko ateak ixteko tenorea hurbiltzen joan arte.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


