euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aste honetako New York eta Rhode Island-eko kontzertuekin bukatu du Urko Menaiak AEBetan egin duen bira

2011/08/22

Urko Menaia, Ipar Ameriketako biraren abiatze-kontzertuan, Kadanako Vancouverren, bertako Zazpiak Bat Basque Societyk aurkeztuta (argazkia ZBBS)
Urko Menaia, Ipar Ameriketako biraren abiatze-kontzertuan, Kadanako Vancouverren, bertako Zazpiak Bat Basque Societyk aurkeztuta (argazkia ZBBS)

PUBLIZITATEA

Arrakastatsu ari da, eta leku gehienetan aurretik erreferentziaz baino ez bazuten ezagutzen, lagun eta zale ilara uzten ari da Urko Menaia kantari donostiarra Ipar Ameriketan barrena, bost euskal etxeren eskutik, egiten ari den kontzertu-biran. NABO antolatzaile eta Eusko Jaurlaritza laguntzaile, hiru kontzertu eman ditu jadanik, Kanadako Vancouverren abuztuaren 6an bira abiatu zuenetik. Atzo, Coloradoko Littleton-en kantatu zuen eta datorren aste honetan, azkeneko bi emanaldiak gelditzen zaizkio: ostegunean New Yorken eta larunbatean Portsmouth-en, Rhode Island estatuan.

New York, Estatu Batuak. Honetarako balio du --besteak beste-- Estatu Batuak bezalako herrialde bateko euskal etxeen sareak. Urko Menaia kantari donostiarrari balio izan dio NABOk luzatu zion gonbidapen orokor bat abiapuntu, Ipar Ameriketako bost euskal etxek urratsa eman eta abuztuan zehar beste hainbeste kontzertuko bira muntatu ahal izateko. Eurak, izugarri gustura; eta baita Urko bera ere.

"Izugarri gustura" baita, hain zuzen, Elena Sommer Vancouver-eko (Kanada) Zazpiak Bat Basque Society euskal etxeko lehendakariak Urko Menaiak eman zien kontzertua eta, oro har, egin zien bisita aipatzeko erabili zuen hitza. Bira osoko lehen emanaldia izan zen, abuztuaren 6an, eta Elenaren hitzak izan ziren, izan ere: "Bildutakoak izugarri gustura geratu ziren emanaldiarekin, eta are gehiago Urkoren 'propina'rekin. Ez zituen bere kantuak bakarrik kantatu, euskal kantu herrikoiak ere baizik, ikuskeei ere elkarrekin kantatzeko aukera emanez. Oso kontent atera ginen bertatik, Urkoren ahots atsegina belarrietan bueltaka".

Kanadako British Columbiako hitzorduaren ostean, gainerako lauak Estatu Batuetan izan dira. Oso tankera diferentekoa izan zen Nevadako Gardnervillekoa, abuztuaren 13an, NABOk urtero antolatzen duen Kantari Egunaren baitan izan baitzen: NABOk urtero euskal kantu eta bertsoari eskaintzen dion egunaren programako parte, alegia. Hemen, kantari donostiarra programako kantari gonbidatua izan zen, taularatu ziren gainerako guztiak zaleak eta amateurrak baitziren, hori baita Kantari Eguna, AEBetako kantu eta bertsozaleei agertoki gainera igo eta euren zaletasuna bildutako gainontzekoekin partekatzeko balio dien eguna. Urtero egiten da, baina bi urtero Gardnervillen, bertan egoitza duen Mendiko Euskaldun Cluba euskal etxeak abuztuan egiten duen piknikarekin batera.

Bira honi esker Menaia aukera ari da izaten Ipar Ameriketako hainbat leku eta jende euskaldun, euskal-amerikar eta soilik amerikar ikuspuntu diferentetatik ezagutzeko eta, aldi berean, Ipar Amerika kostarik kosta ibiltzen ari delarik, elkarrengandik urrun dauden lekuak bisitatuz eta hilabete oso batean tartekatuta gainera, horrek denbora ematen dio turismoa egiteko eta pribilegiozko leku batetik argazkia atera ahal izateko errealitate bakar eta anitza diren Estatu Batuei, baita ere euskal aldeari dagokionez, bisitatzen ari den estatuak bezain anitzak baitira elkarrekiko euskal komunitateak ere.

Gardnerville ondoren, eta atzo Colorado estatuko Littleton herrian Coloradoko Euskal Etxearen eskutik eman zuen kontzertuaren artean, autoa konpartitu eta turismo apur bat egiteko aukera izan zuen Kalifornian Nora Unzueta eta Natalia Ruiz lizentziatuekin, NABOk eta Eusko Jaurlaritzak Estatu Batuetan daramaten Gurea programarekin Mountain Home-n (Idaho), Elko-n (Nevada) eta Gardnervillen bertan ikastaro bana ematera etorritako Jaurlaritzako bi bekadun hauekin.

Erreferentzia gisa, esan dezagun 1.759 kilometro daudela Gardnervilletik Littleton-era; eta beste 2.876 Littletondik New Yorkera. Eta hor, ostegunean, New Yorken, eta larunbatean pixkat iparralderagoko Rhode Island estatuan, emango ditu Urko Menaiak AEBetako lehenengo bira honetako azkeneko bi kontzertuak.

Ostegunean, Eusko Etxea of New Yorkeko lagunek antolatu dute emanaldia, Jon Cerezal antolatzaile/sukaldari. Arratsaldeko zazpietan zabalduko dira ateak, zazpi t'erdietan kontzertua hasteko, euskal etxearen egoitzan, Brooklyn-go Eckford kalean. Kantualdiaren ostean, afaria hortxe bertan, osagaiak: "Gazpatxo (cold vegetable soup), Marmitako (Basque fish stew) and ice-cream". Prezioa, 20 dolar bazkideentzat, 25na bazkide ez direnentzat. Oraindik geratzen dira sarrera batzuk; horretarako, idatzi mitzalg@gmail.com helbidera.

Azkeneko kontzertua larunbatean, abuztuaren 27an, izango da, NABOko euskal etxe gazteenaren eskutik, Rhode Island Basque Club antolatzaile. Eguerdi t'erdietan izango da (12:30pm-etan alegia) Portsmouth herriko Abbey School-en (285 Cory's Lane). Giroa, abegikorra eta familiartekoa, ohi bezala. Hasitako arrakasta berarekin amaituko da bira, doaike!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia