euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Asmoz fundazioak ikastaro bat egingo du internet bidez euskal etnografia zabaltzeko eta gizarteratzeko

2007/07/26

Urriaren 15etik aurrera garatuko da Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak internetez antolatu duen Euskal Etnografia ikastaroa
Urriaren 15etik aurrera garatuko da Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak internetez antolatu duen Euskal Etnografia ikastaroa

PUBLIZITATEA

Asmoz Fundazioak, Aita Barandiaran Fundazioa lankide, Euskal Etnografia ikastaro bat antolatuko du urriaren 15etik hasita. Klaseak internet bidez izango dira eta, beraz, Diasporako interesatuek edota hala nahi duen beste edozeinek izango du parte hartzeko aukera. Barandiaran Fundazioko arduradunek BasqueHeritage.com-i azaldu diotenez, ikastaro honekin etnografia bezalako gai bat gizarteratzeko bideak zabaltzea da euren asmoa.
Etnografian interesa duen pertsona orok, izan aditu edo hasiberri, Asmoz Fundazioak antolatutako ikastaroan parte hartzeko aukera izango du, urriaren 15etik aurrera. Euskal etnografiak eman duen ikertzaile behinena, Aita Barandiaran, eta bere lana hartuko dituzte oinarritzat. Ikastaroko ikasleek euskal gizartea aztertuko dute, familia, festak eta erritoak bezalako alderdiak aintzat hartuta. Horiek aztertzeko metodoa erakutsiko da ikastaroan zehar. Ikasleek euren gain lan egin dezaten eta etnografia lanak egiteko beharrezkoa den bibliografia ere gomendatuko diete parte hartuko duten internautei.

Usadio zaharrak azkar eta arras aldatzen ari diren honetan, tresna aparta izan daiteke Asmoz Fundazioak antolatutako ikastaroa euskal kultura eta gizartearen inguruko azterketa bultzatzeko. Ikastaroak euren kasa lan egiteko oinarriak emango dizkie ikasleei. Irakasleak, besteak beste, Javier Zubiaur, Mª Amor Begiristain, Anton Erkoreka, Michel Duvert, Gurutz Arregi eta Juanjo Galdos izango dira. Bakoitza etnografiaren alor jakin batean aditua da eta guztiak Etniker taldeko kideak dira. Irakasleon eskutik aztertuko dituzte: gizarte-jokoak, nekazaritza, abeltzaintza eta gizartean gertatzen diren beste fenomeno batzuk. Klaseak gazteleraz izango dira. Ikastaroaren prezioa 300 eurokoa da eta matrikulatzeko epea urriaren 1ean itxiko da. Informazio gehiago, hemen.


Lotura interesgarriak

Etnografia ikastaroa
www.asmoz.org

Asmoz Fundazioaren aurtengo ikastaro eskaintza
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 18an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia