euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aireseko Eusketxek bonoak plazaratu ditu bere kultur ekimenak eta lana lagundu nahi dituztenentzat

2007/07/25

Eusketxeren bazkide eta lagun koadrila, elkartearen hitzorduetako batean (arg. BasqueHeritage.com)
Eusketxeren bazkide eta lagun koadrila, elkartearen hitzorduetako batean (arg. BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

Diasporako euskal kulturari lagundu nahi diozu eta aldi berean Europarako bidaia bat edota Europatik Argentinarakoa irabazi? Eusketxe, Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxeak 200 bono plazaratu ditu, bakoitza 100 pesoko prezioan --25 euro baino gutxiago--, elkarte euskal-argentinar honek México 1880eko bere egoitzatik euskal kultura arloan etengabe garatzen dituen ekintza eta ikastaroak lagundu eta sostengatzeko. Laguntza eskaintzearekin batera, bonoak erosten dituenak txartela ere eskuratzen du bi bidaien zozketarako, Argentinatik Euskal Herrira edo Euskal Herritik Argentinara, datorren urtean egiteko, edo hala nahi balu horren ordaina dirutan.
Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxeak --ezagunagoa Eusketxe izen laburtuarekin-- kanpaina berria abiarazi du, 200 bono-ekarpen plazaratuz euskal kultura esparruan garatzen dituen ekimenak laguntzeko eta elkartearen egoitzaren mantenimenduak dakartzan gastuei aurrera egiteko. Bonoak erosten dituenak 2008an gauzatu ahal izango den bi hegazkin txartelen zozketan parte hartuko du, Argentinatik Euskal Herrira edo Euskal Herritik Argentinata joan ahal izateko edo, hala nahiko balu, saria dirutan eskuratzeko.

Eusketxek daraman euskal lan ildoari bultzada eman nahi dionak 4381-4611 telefonora deitu beharko du (Argentina kanpotik bada, 54 11 4381-4611 zenbakira) edo e-maila hona bidali. Ekarpenak ordainketa bakar batez ordaindu ahal izango dira 100 pesoko balioan (hogeita bost bat euro eskas) edo 25 euroko bost zatitan Eusketxeren legezko helbidean, Buenos Aires hiriko México 1880 kalean. Zozketa, erabat erosiak izan diren bonoen artean egingo da Euskararen Egunaren karietara Eusketxeren egoitzan gauzatuko diren ekitaldien barne abenduko lehenengo astean. Soilik parte hartuko dute zozketan markatutako dataren aurretik erabat ordainduak izan diren bonoek.

Euskal Kultura auzolanean bultzatzen

Bere bizitza gehiena Argentinan eman zuen Nikomedes Iguain Azurtza beasaindarraren ideiei jarraiki zabaldu zen 1988an Buenos Airesen Eusko Kultur Etxea eta euskal kulturaren aldeko lan eskerga darama geroztik Argentinako hiriburuan euskal komunitateari zein gizarte argentinarrari begira. Bertatik EuskalKultura.com-i adierazi zaionez, momentu honetanxe bat baino gehiago dira elkartea garatzen ari den ikastaroak: ostegunero, 19etatik 20:30etara, Mariana Fernandez Castelli irakaslea 'Euskal Herria ezagutzeko Sarrera Ikastaroa' ari da ematen; ostiraletan, arratsaldeko zazpietatik aurrera, euskal dantzen tailerra egiten da, Aitor Alava dantzari arabarra zuzendari. [Goi ezkerreko argazkian, euskal kultura tailerra Eusketxen, Mariana Fernández Castelliren eskutik (argazkia BasqueHeritage.com)]

Aldi berean, Eusketxek zabalik dauka antzerki tailerraren konpainia osatzeko deialdia, kasu honetan asteazkenetan arratsaldeko zazpietan, Raquel Orella irakaslearen eskutik. Bestalde, erakundearen erakusketa aretoak zabalik dauka egunotan Olga Muniain eta Lili Garro artista plastikoen 'Vida de campo' izeneko erakusketa. Azkenik, eta zine eta bideo alorrari dagokionez, aurrera darrai zine-debate zikloak, eta elkarteak ia 180 titulu dauzkan bideokluba ere badu, euskal gaia daukaten edota Euskal Herrian edo euskaraz eginiko dokumental eta filmeak lor daitezkeelarik.

Hiru ahizpa eraikin berean

Eusketxek, Euskaltzaleak elkartearekin eta Ekin euskal argitaletxe historikoarekin partekatzen du egoitza Buenos Aireseko México 1880 kalean. Osorik euskal ekimenei eskainitako eraikin honetan etengabea da hiru erakundeen lana, euskal gaien alor desberdinetan.


Lotura interesgarriak

Olga Muniain eta Lili Garroren erakusketa Eusketxen
2007ko ekainaren 16an BasqueHeritage.com-en argitara emana

Maria Elena Etcheverry euskaldunen herrimina aztertzen Eusketxen
2007ko maiatzaren 9an BasqueHeritage.com-en argitara emana

Ekin, argi bat iluntasunean
Jose Ramon Zabalaren artikulua Jakin aldizkarian

Euskaltzaleak, Buenos Aireseko Euskara Eskola
www.euskaltzaleak.org.ar


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia