euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz ari da da "Basques in Australia" erakusketa Queensland-en, publiko ugari eta tokiko agintariak partaide

2025/10/02

"Basques in Australia" Townsville herrian dagoen North Queenslandeko Euskal Etxean
"Basques in Australia" Townsville herrian dagoen North Queenslandeko Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Townsville, Australia. 2023ko irailean Gernikan egin zen Diasporaren Eguneko ospakizun ofizialean inauguratu zenetik Euskal Herriko hamaika herritan egon da ikusgai "Basques in Australia" erakusketa ibiltaria eta baita Diasporan ere, hilabete egon baitzen Pariseko Euskal Etxean, eta beste hainbeste Madrilgoan. Orain, "etxera" iristeko unea ere iritsi zaio hamar paneletan Australiara emigratu zuten euskaldunen istorioak biltzen dituen erakusketari, eta Queensland estatuko hiru hiritan ikusi ahal izan da, North Queensland Basque Club (NQBC) euskal etxearen eskutik.

"Basques in Australia" abuztuaren 17an inauguratu zuten Townsville hiriko NQBCeb egoitzan eta abuztuaren 23ra arte egon zen publikoari zabalik. Inaugurazio zeremonian, Pedro Mendiolea Euskal Etxeko Lehendakariak, Anne-Maree Greaney zinegotzi eta alkatea jardunean eta Euskal Australiar Elkarteko ordezkari Maite Etxeandiak eman zieten ongietorria gonbidatuei, “hunkigarria eta oso alaia” izan zen ekintza batean. Honela jaso zuen EuskalKulturak.


Lagun ugari Townsvilleko Euskal Etxean, euskaldunena bezain bertakoa den historiak erakarrita

Erakusketaren bigarren helmuga Ingham hiria izan zen. Abuztuaren 30ean egin zuten inaugurazioa eta astebetez, irailaren 6ra arte, egon zen ikusgai, Hinchinbrook Shire Council Library-n. Erakustaldiaren hasierako zeremonian Ramón Jayo Hinchinbrook-eko alkateak, euskal jatorrizkoa bera, eta Nick Dametto diputatuak lagundu zuten euskal gizataldea, euren hitzetan proposamenaren garrantzia azpimarratuz. Euskal Etxeko dantzari txikiek arratsaldea edertu zuten, musika, dantza eta jantziekin. Honela iragarri zuen buletinak.


"Basques in Australia" erakusketa euskal lotura handia duen Ingham-en


Dantzariak Ingham-en Pedro Mendiolea, Ramon Jayo alkatea eta Nick Dametto diputatuaren aurrean

Biraren azken geldialdia Ayr herrian izan zen eta erakusketa bihar arte (urriak 3) bisitatu ahal izango da Burdekin Theatre-n. Inaugurazioa, Masonic Club-ean egin zen eta ehun bat lagun bildu zituen, tartean Pierina Dallecort, Burdekin-eko alkatea, herriko beste agintari batzuen artean. Erakusketa ez ezik, txikien dantza taldeko neskak ere izan ziren ekitaldeko protagonista, txalo zaparrada eraginez.


Ayr-en ere areto bete inauguratu zuten erakusketa


Maite Kelly dantzari euskal-australiarra Aurreskua dantzatzen

Gogora dezagun "Basques in Australia” erakusketa Euskal Australiar Alkartearen ekimen bat dela, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiak, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza medio dirulagundua, tokian tokiko euskal etxe eta erakundeekin batera, Australian bereziki Townsvillen egoitza duen North Queenland Basque Club eta, aurki, Sydneyko Gure Txoko Basque Club.



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia