euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakasta handiarekin amaitu dira Bartzelonan Oteiza 101 eta 'Ez ahaztu' oroimen historikoaren inguruko zikloa

2009/12/16

Juan Gorriti sortzaileak atzo Bartzelonako Euskal Etxean eman zuen hitzaldia (argazkia Oriol-Avui)
Juan Gorriti sortzaileak atzo Bartzelonako Euskal Etxean eman zuen hitzaldia (argazkia Oriol-Avui)

PUBLIZITATEA

Urte amaiera zinez lanpetua izan dute --izaten ari dira-- Bartzelonako Euskal Etxekoak. Euskal Herria Sona musika jaialdiari amaitzeko denborarik eman gabe, abendu hasieratik beste bi lerro jardun dituzte arrakasta handiz Bartzelonako Euskal Etxeko kideek: Jorge Oteizaren bizitza eta proiektua eta Oroimen historikoa. Horrekin batera, eta aste honetan Egunkariaren auzia hasi dela-eta, Bartzelona eta Kataluniako Egunkariaren aldeko batzordearekin bat, elkarretaratzeetan parte hartzera deitu dute kataluniar hiriburuko Euskal Etxekoek. Hala bildu ziren atzo bertan. Aste hondarrean, bestela, ostiralean, San Tomas eta Olentzero festa egingo dute, txistorra, umore ona eta gainerako festa osagai guztiekin.

Bartzelona, Katalunia. Bukatu berria den 'Ez ahaztu'ri dagokionez, ardatz nagusia "Bortxazko lanak diktadura frankistan" izan du, oraindik ere abenduaren 17ra arte zabalik egongo den erakusketa. “Memoriaren bideak” elkarteak eginikoa da eta bertan ikusten dira frankismo garaian bortxaren bidez presoek egin zituzten lanak (Nafarroako zenbait errepide, besteak beste). Baina horretaz gain Frankoren diktadurak euskararekiko izan zuen jazarpenaren inguruko hitzaldi bat, Bartzelonako aste tragikoaren inguruko jardunaldiak eta ibilbide bat eta beste zenbait ekitaldi bildu dira Bartzelonako Euskal Etxera.

Oteiza 101 zikloaren egun handia, bestalde, abenduaren 11a izan zen, Iñaki Arzoz maisu handiak lagunduriko mahai inguruaz gain Kukai-Tanttakaren “Otehitzari biraka” ikuskizunaz gozatu ahal izan zutelarik bartzelonatarrek. EuskalKultura.com-eko irakurleek ongi ezagutzen duten ikuskizun honek Jorge Oteiza du oinarri, jakina denez. Orion jaiotako artista ez da inoiz oharkabean igaro, eta azken-azkenera arte eman zuen zeresana. Eskulturan, poesian, filologian, antropologian... bizitzan. Oteitzak bizitzaren aurrean jorratu zituen ikuspuntuak eta azaldutako iritziak erakusten ditu ikuskizun honek.

Ostiralean, San Tomas eta Olentzero festa

Nolanahi ere, Oteiza bera ez da ikuskizunaren osagarri bakarra. Bere obra sakon aztertu ondoren Mireia Gabilondok egin zuen ikuskizunaren gidoia eta zuzendaritza, Jon Mayak sortu  koreografia, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda arduratu ziren musikaz eta kolaborazio zerrenda luzea bildu zen proiektura: Mikel Laboa, Iñaki Salvador, Pello Zabala, Joxe Angel Irigaray, Xabier Lete, Claude Iruretagoyena... Dantza, musika, poesia, bideoa... ikuskizuneko parte. Baina, batez ere, Jorge Oteitzaren hitzak eta espiritua.

Gabonetako oporrak iritsi aurretik aste honetarako agendak urteko azkeneko ekitaldiak ekarri dizkio Bartzelonako Euskal Etxeari. Asteartean Juan Gorriti eskultorearen hitzaldia eta Egunkariaren aldeko elkarteratzea izan ziren, eta bihar ostirala opor bezperako jai handia: Olentzero, txistorra, sagardoa, trikitilariak, bertsolariak eta abar luze bat. Giro onik ez da faltako Euskal Etxean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia