euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Pilota Elkarteak egoitza bisitatu eta xare palak oparitu dizkio La Platako Euzko Etxeko Xare Eskolari

2021/09/15

La Platako Xare Eskola
La Platako Xare Eskola

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. EDA-Escuelas Deportivas Argentinas (Kirol eskola argentinarrak) delako programaren baitan, Argentinako Pilota Elkarteko Jorge Bernasconi idazkariak La Platako Euzko Etxea bisitatu zuen joan den astean. Bisitaldian Xare Eskolako entrenamenduak ikusteaz gain umeentzako xare palak oparitu zizkion Pilota Elkartearen izenean bertako Xare Eskolari. La Platako ‘Lehenengo Xare Eskola’ 1982.ean sortu zuten Euskal Etxean eta geroztik bizi-bizirik mantendu du bere jarduna. Klaseetako arduradunak Claudio eta Iñaki Gil Najera dira eta ikasleak hiru taldetan daude banatuta, adinaren arabera: helduak, ertainak eta txikiak.


[Euzko Etxeko agintariak Ariel Archanco eta Nicolas Screpis-ekin (argazkia EE)]

Kirol arloko berriekin jarraituz, Euzko Etxeak jakinarazi du Ariel Archanco zinegotzia Euskal Etxera bertaratu zela Itsuentzako Futbol taldea entrenatzen ikusteko. Praktika bukatu eta gero, Archanco eta Argentinako Migrazioen Zuzendaritzako Nicolas Screpis Euskal Elkarteko batzordekideekin elkartu ziren, proiektuez mintzatzeko.

Euskal Etxeak interesa izan dezaketen guztiei bere egoitzara hurbiltzeko gonbitea luzatu nahi die, izan ere euskal elkartean praktikatzen diren kirol dinamikak bertatik bertara ezagut ditzaten. Joan den astean berriro ere hasi ziren Hockey Eskolako aktibitateak eta aipatutako kirolez gain, pilota paleta, goalball, futbol, bolei eta mus klaseak eskaintzen dira hiriko 14 eta 58 kaleetako izkinan dagoen egoitzan.

Informazioa eskatzeko edota izena emateko Euzko Etxeko Idazkaritzara idatz daiteke, secretaria@cvascolaplata.org.ar helbidera; edo sare sozialetan, honakoetara Centro Basko Euzko Etxea de La Plata edo centrobasko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia