Argentinako Ezpeleta hiriak, jatorri oiartzuarreko sendiak sortua, bere sorreraren 135. urteurrena bete du
2007/11/21
Gurdi historikoen desfilea izan da asteburuan 135 urteurreneko ekitaldi nagusietakoa (argazkia El Sol)
PUBLIZITATEA
Argentinako Ezpeleta Buenos Aireseko probintzian dago eta joan den asteburuan bere sorreraren 135. urteurrena ospatu zuen. Hiriak Lapurdiko Ezpeleta herriaren izen bera du baina bere jatorria abizen hori bera zuen familia oiartzuar bati zor zaio. Salbador Joakin Ezpeleta XVIII mende hondarrean heldu zen Ameriketara. Bere seme Mariano izan zen 1828an Ezpeleta izango zen lursaila erosi zuena eta azkenik 1872 sortu zen hiria, trenaren etorrerarekin. Buenos Aires probintziako Ezpeleta hiriak joan den asteburuan ospatu zuen bere sorreraren 135. urteurrena. Ekitaldi ugari egin zituzten argentinar ezpeletarrek, tartean erreginaren aukeraketa, hiriaren historiari buruzko literatur sarien banaketa eta gurdi historikoen desfile bat hiriko kaleetan zehar. Asteburuko jaiari bukaera emanez cumbia, tango eta rock taldeek kontzertuak eskaini zituzten.
Ospakizun hauetan hiriaren sorrera gogora ekarri zuten, beti ere Ezpeleta sendiarekin loturik. Euskal familia honek Oiartzunen dauka jatorria eta bertatik etorri zen Ameriketara Salbador Joakin Ezpeleta XVIII. mendean. Heldu, Montevideora heldu zen, baina handik gutxira Santa Fe eta Entre Rios aldean lekutu zen, berarekin gurdiak, gazitegiak, zurrategiak, kafea eta beste ondareak ekarri zituelarik. Entre Riosen Salbador Joakinek La Matanza izeneko herria eta kapera sortu zituen, Arantzazuko Ama Birjinari eskainiak. Egun herri horrek Victoria izena du eta aurten euskal jatorria daukaten biztanleek Haritz Euskal Etxea sortu berri dute bertan.
Trenaren etorrerakin batera
Salbadorren semeak, Mariano Ezpeletak, Quilmes barrutian lursaila erosi zuen 1828an. Beranduago, 1891ko urtarrilean hiriaren planoa egin zuten Donato Cegre, Justo Carballo eta Simon Ezpeleta herritarren eskutik, eta Ezpeleta izena eman zioten. Hori izan zen egungo Ezpeletaren hasiera, nahiz eta egiaz herria abiarazi zuena, 1872an ireki zen tren geltokia izan zen. Teniente Coronel Severo Ezpeleta izena zuen geltokiak eta horixe gelditu da hiriaren sorrera data bezala.
Herria gazitegi eta beste industrien eraginarekin garatzen hasi zen eta biztanleria asko hazi zen. 1973ko abuztuaren 30ean, herriaren sorreraren 101 urte ondoren, ofizialki hiri deklaratu zuten Ezpeleta, beste euskaldun batek, Oscar Bidegain gobernadoreak, eginiko 8098 legearen poderioz.