euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako 18 euskal liburutegi arduradunek ekimen amankomunak garatu dituzte Rosarioko Euskal Astean

2007/10/12

Euskal Liburutegien topaketaren une bat (argazkia EuskalKultura.com)
Euskal Liburutegien topaketaren une bat (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Argentinako Euskal Liburutegien Sarea ekimen gero eta irmoagoa bihurtzen ari da eta bide horretan sakontzeko asmoarekin joan den larunbatean 18 liburutegi arduradunek bilera egin zuten Euskal Asteko egitarauaren baitan. Sarearen koordinatzailea den Luciano Etcheparek gidatu zuen bilera eta bertan liburu katalogo amankomunaren beharra eta 'Pergamo' programaren bilakaera jorratu zituzten, besteak beste.
Orotara hemezortzi partaide izan zituen bilerak, gehienbat Buenos Aires probintziako euskal etxeetakoak, baina izan ziren baita ere Río Negroko, San Juan eta Santa Feko ordezkariak. Partaideak, besteak beste honako euskal etxeetatik etorri ziren: San Nicolas, Arrecifes, La Plata, Pergamino, Gral. Villegas, Saladillo, Gral. Rodriguez, San Juan, Gral. Roca, Rio Negro, Laprida, Jose C. Paz, Bahia Blanca eta Rosario bertako Zazpirak Bat. Bertaratutakoak, sarean garatzen ari diren lana aurreratzen ibili ziren eta Pérgamo programa aitzinaratzen, euren lanak oihartzun eta eragin handiagoa lor dezan. Aipatu zenez, badira oraindik programara bildu ez diren euskal liburutegiak.

Luciano Etchepare, Argentinako euskal liburutegien koordinatzaile eta La Platako Unibertsitate Publikoko liburuzaina, izan zen elkarretaratzeko dinamizatzailea eta Argentinako liburutegien katalogoaren datu basea dakarren CD bat banatu zuen partehartzaileen artean. Bertako datuak urtero eguneratzea beharrezkoa dela azpimarratu zuen. Helburua Argentinako euskal etxe guztietako liburutegiak sarean biltzea dela azpimarratu zuen, kudeaketarako 'Pérgamo' programaren bidez. Liburutegien ekimenek komunitatean isla nabariago bat lortzeko bokazioa azaldu zuen.

7.000 dokumentu sarean

Gaur egun, 20 liburutegi inguru daude sarean eta FEVAko webgunean erregistraturiko 7.000 dokumentu baino gehiago biltzen dira. 'Liburutegiak eta Argentinako katalogoak' atalean liburutegien zerrenda agertzen da eta sarean egile, izenburu edo gaien araberako bilaketak egin daitezke. Hala ere, oraindik emendatu beharreko aldagarri asko dago: bilaketa berria, berritasunak... Aurkeztutako nobedadeen artean argazki digitalen karga eta DVD zerrendaren normalizazioa aipa daitezke.

[Goiko irudian Euskal Liburutegien bileran parte hartu zutenen talde irudia (argazkia EuskalKultura.com)]

Oinarrizko katalogo amankomuna

Bilera irekia izan zen eta euskal etxe bakoitzak bere funtzionamendu, liburu mota eta zerrenda, aurkitutako zailtasunak eta bestelako jakingarriak azaldu zituen. Zentru batzuek ospatuko dituzten jarduera kulturalen berri ere eman zuten: artearen bidezko heziketa jardunaldiak, 21 Eskola Agenda programa, umeentzako irakurketak... Aho batez adosturiko erabakien artean liburutegi guztientzako katalogo amankomunaren beharra azpimarra daiteke. Izan ere, liburutegi gehienek beraien bilduma propioak dituzte eta FEVAri liburuen zerrenda bat bidaltzeko konpromezua hartu zuten, federazioak oinarrizko bibliografia bat bidal diezaien euskal etxe guztiei.

Beste proposamenen artean liburuen mailegu, Eusko Jaurlaritzari egindako eskarien eta ohiko jardueren erregistroa normalizatzea egon zen. Hala ere, zentro bakoitzean izaera autonomoagoa duten jarduerak mantenduko dira. Adibidez, Jose C.Paz-en, Oñatitik bidalitako liburu interesgarrienak gorde eta besteak oparitu egiten dizkiote Catamarcako liburutegi bati.


Lotura interesgarriak

FEVAren webgunea
www.fevaonline.org.ar

L. Etchepare, Argentinako euskal liburutegi sareko koordinatzailea
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 13an


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia