Chacabuco, Argentina. Mahai bueltan bildu den jendetza handiarekin itzuli dira Tabernak Chacabucoko Guillermo Larregui euskal etxera. Guztira 160 bat lagun izan dira urteko lehenengo topaketa honetan -kideak, herritarrak eta Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxetik etorritako ordezkaritza-, janari tipikoak, Haritz taldearen zuzeneko musika eta dantza nagusi izan dituen gauean. Sukaldeko lanez emakumeen taldea arduratu da, dantzari eta muslarien laguntzaz. Plater tradizionalak prestatu dituzte, hala nola tripakiak bizkaitar eran, txistorra, pintxoak eta tortillak; postrerako, berriz, goxua eta euskal tarta klasikoak ez dira faltatu.
Dantza ikuskizuna Verónica Gouarnalusse zuzendari duen Txikien taldeak ireki du, Sorgin dantza eta Arin-arin eskainiz. Ondoren, helduen dantzari talde Alaiak San Nicoláseko Haritz taldearen musikarekin bat egin du. Musikari gonbidatuek tradiziozko borobil-dantzen aldeko apustua egin dute Jauziak, Pitx, Txapeloaz, Txulalai eta Orbaizeta joz, baita Argentinar folkloreko zamba, gato eta chacarerak ere jo dituzte. Amaierarako, Fandangoa, Arin-Arina eta kalejira gelditu dira, ezinbestekoak. `Jotzen ari ziren bitartean jende asko animatu da dantzara; publikoari asko gustatu zaio eta poz handia izan da haiek gurean izatea´, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Romina Arostegui etxeko zuzendaritzako kideak.
Haritz: musika euskal-argentinarra
San Nicolás de los Arroyosko Haritz taldearen emanaldia Chacabucoko aurtengo lehen Tabernan
Haritz hirukotea iaz sortu zen San Nicoláseko Euzkal Etxearen baitan. Taldea Gustavo Galeanok (perkusioa, bombo leguero-a eta erredoblantea), Rubén Vásquezek (akordeoia, txistua, dulzaina, gitarra criolla eta zeharkako txirula) eta Renzo Delgaudiok (ahots nagusia, panderoa, txistua, alboka eta gitarra criolla) osatzen dute. Hirurak dira, gainera, DOA Argentinako euskal diasporako orkestrako kide. `Chacabucon egin diguten harreragatik txapela kentzeko moduan gaude. Publiko bikaina, oso dibertigarria eta errespetuzkoa bildu da´, kontatu du Gustavo Galeanok. Musikariak pozik iragarri du taldearen hurrengo hitzordua `Belgrano Celebra al País Vasco´ jaialdian izango dela: `Oso zoriontsu gaude, ate asko zabaltzen ari zaizkigu. Bide onetik goazela uste dugu, euskal kultura bere musika eta soinu tresnen bidez zabaltzen´, borobildu du nicolearrak.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


