Bartzelona, Katalunia. Joël Dicker-en Tigrea liburua euskaraz irakurri ahal izango dute literatura zale euskaldunek, iaz sortutako Ardaxka Argitaletxeak egindako lanari esker. Argitaletxeko arduradunek azaltzen dutenez, “Joël Dicker idazle suitzarra gaur egungo literaturako izen garrantzitsuenetako bat da eta haren liburuak mundu mailako arrakasta lortu dute, 40 hizkuntza baino gehiagotara itzuli eta milioika ale salduz”. 40 hizkuntza horien artean euskara ere badago gaurtik aurrera.
Tigrea liburuari dagokionez, bi ipuin biltzen ditu testuak: 'Tigrea' eta 'Pantera'. “Biak dira idazlearen lanak eta, askorentzat ezezagunak izan arren, Dicker-en estilo narratibo sendoa eta tentsioaren eraikuntza ederki erakusten dute. Edizio honek idazlearen beraren hitzaurrea ere jasotzen du eta Maider Manceron arduratu da itzulpenaz", diote Aldaxkatik.
Aipatzekoa da, gainera, Dicker-ek 19 urte zituela idatzi zuela Tigrea, lehiaketa literario batera aurkezteko; epaimahaiak, ordea, ez zion saria eman, istorioa hain ona izanik, kopiatu zuela pentsatu zutelako. “Epaimahaiak ezin zuen sinetsi 19 urteko gazte batek horrelako ipuin on bat idatz zezakeenik” gogoratzen du Joël Dicker-ek. “Halako mailarekin, 30 urte bete baino lehen sari literario garrantzitsuren bat irabaziko nuela esan zidaten, eta ez arduratzeko. Eta hala izan zen: 28 urterekin Frantziako Akademiaren Sari Handia eta Goncourt des Lycéens jaso nituen”, kontatzen du suitzarrak.
“Asko pozten gaitu Joël Dicker bezalako idazle handi baten liburu bat euskaraz lehen aldiz kaleratzeak” adierazi du Martín Besné-k, Ardaxka Argitaletxearen editore buruak. "Dicker-ek berak erraztasun handiak eman dizkigu eta ilusio berezia azaldu du bere liburu bat euskaraz ikusteagatik”.
Gogora dezagun Ardaxka Argitaletxea iaz jaio zela, helburu zehatz batekin: euskarazko literatura mundu osoan eskuragarri jartzea, beti ere prezio justuetan eta maitasunez egindako edizioekin. Proiektua euskal diasporatik sortu zen eta, urratsez urrats, euskarazko liburuak mundura zabaltzen jarraitzen du.
Argitaletxearen liburu bilduma www.liburuak.eus webgunean topa daiteke.
-Ardaxka Instagram-en, ardaxka argitaletxea