euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Apirila hurbildu ahala, gero eta gehiago dira 2010 euskara ikasturtea estreinatu duten euskal etxeak

2010/03/29

Tandilgo Gure Etxean Euskal Etxeko Cecilia Cenoz irakaslea euskara ikasleen aurrean mintzatzen
Tandilgo Gure Etxean Euskal Etxeko Cecilia Cenoz irakaslea euskara ikasleen aurrean mintzatzen

PUBLIZITATEA

Anitz aukera dago Euskal Herritik kanpo, euskara ikasteko. Nagusiak: aurrez-aurreko klaseak, edo Boga sistema, internetez ikastea balegia, online tutore batekin eta hilean behin aurrez-aurreko mintzapraktika barne. Argentinan biak erabiltzen dira, euskal etxearen arabera. 2010 ikasturtea martxoan hasia da euskal etxe batzuetan; beste hamaikatan apirilean abiatuko da. Erronka izan daiteke lehenengoz euskarari ekitea. Ikasteko arrazoia edozein izanik --arbasoena zen zerbait zeureganatzearren, ezohiko hizkuntza bat jakitearren edo, esaterako, erroekiko edo norbaitenganako maitasun kontuak medio-- hainbat jende dabil Argentinan euskal etxeetan euskara ikasten, bakoitzak lortu duen mailan, oinarrizko taldeetan edo aurreratuagoetan. Halaxe gertatzen da Chivilcoy, Rosario, Tandil, Viedma eta Rio Coloradon.

Chivilcoy, Argentina. Datorren apirilaren 7an arratsaldeko ordu bietan hasiko dira euskara klaseak Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxean. Marta Invernoz da ikastaroaren koordinatzailea: "Nire sustraiak eta jatorriaren xerka ari nintzela ekin nion euskara ikasteari", azaltzen zion duela gutxi bere herriko komunikabide bati. "'Euskara Munduan' programaren bidez ari naiz trebatzen", dio egun irakasle denak. Beti Aurrera Euskal Etxean bi motako ikastaroak egin daitezke. Aurrez-aurreko klaseak Marta Invernoz berarekin, edo internetez, Boga programa, Marina Aranguren irakaslearekin. Klaseak doakoak dira erakundeko kideentzat. Informazio gehiago jaso edo klaseetan parte hartzeko izena eman nahi izanez gero, Euskal Etxeko idazkaritzara jo daiteke, Palemón Huergo kaleko 71 zenbakian, edo delefonoz deitu 15564128 zenbakira, arratsaldeko 4etatik 8etara.

Buenos Airesko probintziatik atera gabe, Tandilen kasuan, 2010 ikasturtean bi talde hasiak dira dagoeneko: Goiko maila, asteartero eta ostegunero, 16:30etatik 18:00ak arte, Cecilia Cenoz irakasle; eta erdiko maila: asteazkenero 19:30etatik 21ak arte, Beatriz Pouméren eskutik. Haatik hasiberrientzako ikastaroa apirilean hasiko da. Ikasleak apuntatu bezain laster adieraziko da klaseetako ordutegia.

Rosarion eta Patagonian ere

Santa Fe probintzian, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak irekiak dizkie honez gero ateak ikasleei. Astearteetan, 19:00etatik 21:00ak arte eta Fernando Lizarbe irakasle, dira bigarren mailako ikasleen klaseak. Asteazkenetan eta irakasle eta ordutegi berarekin dira lehenengo mailako klaseak, beste guztiak bezalaxe Euskal Etxearen egoitzan. Beste alde batetik, 'Euskara Munduan' programaren ikasle den Alejo Conti rosariotarra arduratuko da beste bigarren maila bateko eskolak emateaz. Hauek ostiraletan 18:00etatik 19:30etara emango dira. Hirugarren mailako ikasleek hamabost egunean behin elkartuko dira. Hitzordua ostiraletan 19:30etatik 21:30etara, Angie Garcia irakasle.

Patagoniatik ere heldu zaizkigu berriak, Rio Negro probintziatik hain zuzen. Viedma hirian klaseak –txiki eta helduentzat– martxoaren 7an, igandea, hasi ziren. Irakaslea, Rocio Basterra, Bahia Blancatik doanez, eskolak hamabostero, igande batera bildu dira, maila diferenteak segidako ordutegietan: oinarrizkoak, ertainak eta aurreratuak. Rio Coloradokoak, berriz, martxoaren 9an hasi ziren. Kasu honetan ere sistema bera erabiltzen da eta eskolak egun bakarrera ekarri dira, hiru mailatan banaturik. Kasun honetan ere Bahia Blancan bizi den Rocio Basterra viedmatarra da irakaslea.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia