euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Anita Anacabe elkotarrak gidatuta, Euskal Herrian tourra hasiko dute gaur ia 80 'amerikanok'

2011/07/08

Anita Anacabe Franzoia, eskoletan euskara irakasle ere ibili da Nevadan (argazkia nenevadaregional.com)
Anita Anacabe Franzoia, eskoletan euskara irakasle ere ibili da Nevadan (argazkia nenevadaregional.com)

PUBLIZITATEA

Anita Anacabe Nevadako Elko herriko familia euskaldun ezagunenetako bateko kidea da. Bi urtean behin edo, euskal-amerikar lagun talde bat bildu eta Euskal Herrira ekartzen ditu, arbasoen lurra ezagut dezaten. Bihar hasiko du aurtengoa: 11 egun Euskal Herriko sei probintzietan barrena, ia 80 lagunen buru. Horrelakoak antolatzeak ematen dizkion buruhausteek merezi dutela dio, bizkaiera bizi-bizian: "Hona datozenei begiak zabaltzea gustatzen zait. Asko hirugarren belaunaldiko euskaldunak dira, sekula etorri barik. Nik ateak zabaltzen dizkiet, hemengo familiarekin harremanetan jartzen ditut, gero beraiek konpon daitezen. Hau bizi egin behar da!".

Bilbo, Bizkaia. Markinar eta ondarroarren ondorengoa da Anita Anacabe Franzoia elkotarra, eta, nahiz eta senarra italiar-amerikarra duen, etxean bizkaieraz aritzen da lau seme-alabekin (Teresa, Andrea, Mateo eta Kristina). "Aitak ulertzerik nahi ez dugunerako bikaina da", diosku barrez Anitak. Euskal Herrian da Anacabe egunotan, gaur bertan ia 80 laguneko tour bat hasiko baitu Euskal Herrian barrena.

Lehenengo egun hauek Teresa alabak Boiseko Oinkari taldearekin Iruñean egin zuen dantza erakustaldia ikusteko baliatu ditu: "Oso ondo atera zen dena. Jendea harritu egiten zen, euskal musika dantzatu ondoren musika amerikanoa jotzen baitzuten", dio. [Teresa EuskalKultura.com-en lankide izan genuen duela urte batzuk, Euskal Herrira ikastera etorri zenean. Goraintziak Teresa!]

Bi autobusetan

Bi urtean behin edo Euskal Herrian barrena tourrak antolatzen ditu Anitak, Ameriketako euskaldunei arbasoen sorterria ezagutzen laguntzeko. "Bidaia bat bukatzen dudan bakoitzean hau azkena izango dela pentsatzen dut, baina etxera bueltatu orduko jendea hasten zait eskatzen hurrengorako apuntatzeko eta esaten diet 'Bueno, montaukot zeozer'...", aitortzen du.

Aurten ia 80 laguneko taldea bildu du, gehienak euskal jatorridunak. Elko, Chicago, Kalifornia, Idaho, Utah, Nevada... AEBetako bazter askotakoak dira bidaiariak. Hamaika eguneko bidaia egingo dute, eta Portugaleteko Gran Hotel-en egingo dute lo. Egunez, bi autobusetan, Euskal Herria alderik alde zeharkatuko dute: Lesakako San Ferminetan izango dira, Iruñean, Urdaibaien, Gernikan, Lekeition, Donibanen, Bilbon, Zugarramurdin... "Agian Markinara ere joango gara Paella Egunean, eta geure paella eginez parte hartuko dugu..." dio Anacabek.

Ateak ireki

Horrelako turismo gidatua garestiagoa dela onartzen du Anacabek, baina bidaiariek jasotzen dutena aberatsagoa dela uste du. Euskal Herrian sarri izan da bera, eta berak herriko hizkuntza eta ohiturak ezagutzeak besteei euskal kultura ulertzen laguntzen diela diosku.

"Geurekin datozen asko hirugarren belaunaldiko euskaldunak dira, inoiz etorri ez direnak. Ni familiak aurkitzen eta kontaktuan jartzen saiatzen naiz; hortik aurrera eurak konpon daitezela. Euskal jatorridunei ateak irekitzea, bidea erakustea gustatzen zait. Hau bizi egin behar da!", bukatzen du.

-Bidaiari buruzko informazio gehiago, hemen

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia