Arrecifes, Argentina. Musika doinuz bete zen Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat joan den larunbatean —Euskal Etxeak bere San Ignazio festa handia ospatze bezperan— Mauro Telletxea aktore eta irakasleak egindako 'Betiko Haizea. El viento eterno' pelikularen emanaldiarekin. Euskal Herriko Jose Antonio Martinez Osses albokari eta luthier ezagunaren eguneroko bizitza islatzen duen dokumentala, alboka hasi-masi tailer baten atarikoa izan zen. Hogei bat lagun bildu ziren, tartean EEko bazkide eta lagunak, eta bertako komunitateko zenbait irakasle. Euskal musika-tresna zahar honen soinuak hogei urtetik gora liluratuta daramatzan Telletxeak, bidaia batean murgildu zituen bertaratutakoak albokaren historian eta magian barrena.
Proiekzioaren ostean, jendeak aktiboki hartu zuen parte tailerrean eta, Mauro gidari, instrumentuaren historia eta bilakaera aztertzeko aukera izan zuen. Hainbat alboka mota ukitu eta aztertzeko parada izan zuten, zaharren eta tradizionalenetatik hasi eta modernoenetaraino, eta haien eraikuntzan, soinuan, fitetan eta pitetan dauden desberdintasunak behatzeko beta. Saio praktikoan arnasketa zirkularraren teknika ere landu zuten, instrumentua jotzeko ezinbestekoa, gogotsu ekinez, ekin ere, erronka horri. Azkenik, albokari soinua ateratzen eta afinazio egokia bilatzen saiatu ziren.
Mauro Telletxeak berak EuskalKultura.eus-i azaldu zionez, "Tailerra dibertigarria izan zen oso". "Denek probatu zuten alboka jotzea, soinu bat ateratzea, eta musika-tresna eskuan zutela, galdera asko egin zituzten... eta partaiden artetik, albokari bat aterako delakoan nago". Igandean amaitu zen Topaketa, Arrecifesko euskaldunentzat handia den San Ignazio festaren egunean. Mauro alboka jotzen entzuteko aukera izan zuten bertan parte-hartzaileek, bertako bi musikari treberekin batera: Juan Pablo Bilbao Valiela gaztea, DOAko kidea, eta Christian Rodriguez perkusio jotzailea, Maral talde euskal argentinarrekoa. Kontzertuan, musikariek inprobisazio une hunkigarri bat eskaini zuten eta entzuleek txalo zaparrada handi batez eskertu zien euren jarduna.