euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aisa, euskara online eta era errazean ikasteko doako ikastaro berria eskaintzen du HABEk

2013/01/28

Elena eta Vasile, ikastaroak gaiak azaltzeko erabiltzen dituen bi pertsonaia
Elena eta Vasile, ikastaroak gaiak azaltzeko erabiltzen dituen bi pertsonaia

PUBLIZITATEA

Internet bidez egin daitezkeen euskara ikastaroen artean arreta berezia eman digu HABEk eskaintzen duen Aisa online ikastaroak. Doakoa delako eta edonork erabili dezakeelako. Hizkuntza aldetik, gaztelaniazko hiztunentzat diseinatua dago eta maila apal-apaletik hasita, euskara ikasten hasteko baliabide erraz eta entretenigarria da. Izenak dioen bezala, aisa ikasteko, alegia. Jarraian nola erabili azaltzen dizu EuskalKultura.com-ek.

Donostia-San Sebastián. Euskal Herrian bizi diren immigranteentzako ikastaroa bezala sortu zen Aisa, 2004. urtean, Eusko Jaurlaritzako Immigrazio Zuzendaritzak, HABEk eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatutako ekimenean.

2011an, aurrez aurreko ikastaroak zirenak teknologia berrietara egokitu zituen HABEk eta ikastaroa online egiteko aukera sortu zuen. Orain, ikastaroa ahalik eta lagun gehienek baliatzea da erakunde hoinen asmoa eta, hori dela eta, Diasporan eta orohar munduan euskara ikasi edo areagotu nahi duten guztien eskura jarri du.

Nolakoa da ikastaroa?

Aisa euskarara hurbiltzeko harrera-ikastaroa da; beraz, oinarrizko mailatik hasten da. Online funtzionatzen du eta, esan bezala, doakoa da. Bakarka, norberak euskara internet bidez ikasteko aukera ematen du. Ikastaroko ariketak eta azalpenak euskaraz eta gaztelaniaz daude.

Ikastea errazte aldera, ikastaroak sei pertsonaia baliatzen ditu: Aitziber irakaslea eta bere euskaltegiko ikasleak, etorkinak denak: Vasile, Errumaniakoa; Elena, Kolonbiakoa; Najat eta Yasmine Marokokoak; eta Guillaume, Frantziakoa (ikastaroa immigranteentzat sortu zen, baina edonork erabil dezake). Eguneroko egoeratan aurkituko ditu ikasleak protagonista hauek: klasean, medikuarenean, jatetxean, familiarekin… Egoera horietan euskaraz nola moldatu ikasiko du beraiekin.

Zer egin behar da ikastaroan hasteko?

Aisa ikastaroari ekiteko nahikoa da HABEren www.ikasten.ikasbil.net atarira jotzea eta bertan Aisa atalean sartzea. Atal honetan daude ikastaroko material guztiak eta horietan klik eginez gaiak eta ariketak banan-banan betetzen has daiteke erabiltzailea.

Nahi duenak ikastaroan izena emateko aukera ere badu, erraztearren, horrela sistemak landutako gaien eta ariketen datuak gordeko dituelako. Izen emate hau doakoa da, e-maila eta datu batzuk baino ez dira behar. Izena emateko, jo hona.

Hala ere, ikastaroan hasteko edo sistemarekin moldatzeko arazoak izanez gero, idatzi e-maila aisa@habe.org helbidera. Bertan HABEko teknikari batek erantzungo die galdera guztiei. 

Erraza ezta? Ekin lanari! edo pasaiozu informazioa, erabil dezakeen pertsona bati.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia