euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Agirre Lehendakariaren ondare politikoa aztertuko dute Berlinen, Renon eta New York-en nazioarteko mintegi batean

2016/03/07

Agirre Lehendakariari buruzko kongresuaren afitxa
Agirre Lehendakariari buruzko kongresuaren afitxa

PUBLIZITATEA

Aurten 75 urte betetzen dira Agirre Lehendakariak erbestera ihesi egin behar izan zuenetik. Bidaia arriskutsua izan zen, Francorengandik ihesi, haren aliatu Hitlerren Berlinetik igaro behar izan zuelako Agirrek, Ameriketarako bidean. Urteurren hori gogoratzeko eta Agirreren gobernuak erbestean eta nazioartean utzi zuen ondarea aztertzeko, nazioarteko mintegia hasiko da martxoan, Renon, Berlinen eta New Yorken.

Bilbao, Bizkaia. Bilboko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan aurkeztu dute gaur goizean "The International Legacy of Lehendakari Jose Antonio Agirre's Government" mintegia Asier Vallejo Kanpoan den Komunitatearentzako zuzendariak, Etxepare Euskal Institutuko Irene Larrazak, Agirre Lehendakaria Center-eko Amaia Agirrek eta Berlingo Euskal Etxeko presidente Ainhoa Añorgak.

Mintegia 2016ko martxoa eta ekaina bitartean egingo da, hiru lekuetan: Reno, Berlin eta New York. Antolatzaile dira Etxepare Euskal Institutua eta Renoko Nevadako Unibertsitateko William A. Douglass Center for Basque Studies, Agirre Lehendakaria Center eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedraren lankidetzarekin.

Renon, martxoaren 26tik 29ra egingo da mintegia Nevadako Unibertsitatean, "Jose Antonio Agirreren nazioarteko ekarpena" izenburupean. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, CBSko Xabier Irujo eta Joseba Zulaikak, eta Sandra Ott adituak.

Berlinen, aldiz, ekainaren 1ean izango da mintegia, Berlingo Humbolt Unibertsitatean, Leipzig unibertsitatearen partaidetzarekin. Besteak beste Etxepareko Mari Jose Olaziregik eta CBSko Xabier Irujo historialariak parte hartuko dute.

Azkenik, mintegiaren New Yorkeko zatia ekainaren 9an egingo da, Columbia Unibertsitatean, Agirre Lehendakaria Center-ek antolatuta. Mari Jose Olaziregi izango da aurkezle, eta hizlarien artean Ibarretxe lehendakaria izango da. Aipagarria da, Agirre lehendakaria erbestean New York-en izan zenean Columbian irakasle izan zela eta bere ondoren irakasle izan zirela bertan ere Jesus de Galindez, Euskadiko ordezkaria New Yorken, eta berriki, Juan Jose Ibarretxe bera.

Agirre Berlinen

Horrez gain, Ainhoa Añorgak agertu duenez, Berlingo Euskal Etxea ere programa kultural eta instituzionala  antolatzen ari da, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren babesarekin. Programa hau Berlinen garatuko da maiatza eta ekaina bitartean “Agirre in Berlin 1941 - 2016. Das Baskenland mitten in Europa” (Euskal Herria Europaren bihotzean) izenburupean.

Euskal Etxea sustatzen ari den jardueren artean, euskal etxeak Agirreren "De Gernika a Nueva York pasando por Berlín" liburua alemanera itzuli du, eta lehendakariaren egunerokoa ere itzultzen ari da. Horrez gain, mapa bat prestatzen ari da Agirre Berlin izan zen lekuak biltzen dituena. Webgune bat ari da prestatzen elkartea informazio hori guztia zabaltzeko. Horrekin guztiarekin batera, hitzaldiak, kontzertuak eta beste zenbait jarduera ere egingo dira.

Gainera, ekainaren 2an, Berlinen egingo den kongresuaren osagarri, hainbat jarduera iragarri ditu Añorgak, esaterako euskal erbesteak artearen munduan izan duen errepresentazioari buruzko mahaingurua. Egun horretako gauean Kirmen Uribek eta Mikel Urdangarinek "Zaldiak eta beren itzala" ikuskizuna eskainiko dute Berlingo Gorki antzokian.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

  • Zorionak
    Oskar eta Karol
    Brasil
    2020/04/04
  • Alboradak
    Juanmi
    Antzuola, Gipuzkoa
    2020/03/29
  • Aritz zarauztarra
    Miren Edurne
    Mexiko Hiria, Mexiko
    2020/03/27
  • Lehenbailehen
    Marta Fernandez
    Mexiko Hiria, Mexiko
    2020/03/19
  • Pena
    Pedro Irigoien
    San Frantzisko, Kalifornia
    2020/03/13

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia