euskal diaspora eta kultura

2013/04/29
Saltoko Euskaldunen Taldea du izena Saltoko (Uruguai) euskal etxeak eta aurten apiril honen hasierarekin bat zabaldu eta jakinarazi dute urteko, 2013ko, ekitaldien eskaintza. Ohi bezala ilusioz ekin diote eta euskaran, esaterako, Montevideotik datorkien Leonat Egiazabal izango dute aurrez-aurreko eta urrutizko irakasle. Horrekin batera jorratuko dituzte pintura, euskal dantzak, musa, sukaldaritza, zinema, kirolak, egingo dituzte ohiko festak...
2013/04/29
Aberri Eguneko ospakizunak Peruko zazpi hiritara zabaldu dira aurten, Limako Arantzazuko Amaren Kofradiak eta Anaidiak sustatu duten ekimenari esker. Kofradiak jakitera eman duenez, euskaldunek eta euskaldunen ondorengoek bat egin zuten ekitaldiotan eta meza eta afariekin ospatu zuten egun hau Limako egoitzan, eta Puno, Arequipa, Trujillo, Cajamarca, Jauja eta Ica hirietan.
2013/04/29
Poznango 'Dni Baskijskie' edo Euskal Egunak jaialdiak euskal kultura hiri poloniarreko kaleetara atera zuen iragan astean, apirilaren 23tik 25era bitartean. Etxepare Euskal Institutuak Adam Mickiewicz Unibertsitatean duen euskara irakurletzak antolatu zuen ekitaldia eta, aurreko edizioetan bezala, ikasleak buru-belarri engaiatu ziren antolakuntzan eta jardueretan. Amaia Dones irakurleak polonieraz eginiko bertso saioa eta hiriko kultur elkarteen lankidetza azpimarratu dizkio, besteak beste, EuskalKultura.com-i.
2013/04/29
Gernikako Bonbardaketaren 76. urteurren egunean Buenos Aires hiriburuko Villa Crespo auzoko Batzorde Historikoak atxikimendu gutuna zuzendu zion Gernikako alkate Jose Maria Gorroño-ri. Bonbardaketaren biktimengatik doluminak agertzeaz gain, Villa Crespok euskal gizataldearekin duen lotura estua ere azaldu zuten Batzordeko kideek, Picassoren Guernica gernikaratzea eskatuz eta gutunaren kopia Argentinako Espainiako Enbaxadari bidaliz. Villa Crespo auzoan, Picassoren Guernica-ren erreprodukzio mural bat ikus daiteke, Repetto kaleko 1569.ean.
2013/04/26
2013/04/26
Duela 76 urte herri bizkaitarrak jasotako erasoa gogoratuko ditu egunotan munduko euskal kolektibitateak mota askotako ekintzekin. Argentinan, esaterako, hitzaldiak, dokumentalak, erakusketak eta omenaldiak egingo dira, guztiak helburu berarekin: sarraskia salatu eta bakearen aldeko mezu bat aldarrikatzea. Hitzordu gehienak gaur bertan burutuko dira; beste batzuk, bihar, baina izan da gomuta-ekitaldiak aurreratu dituen euskal etxerik, Iparraldeko Euskal Etxea eta Gerora Elkartea, kasu. Gaurko eta biharko hitzorduetan parte hartu nahi dutenentzat, hona Arrecifes, Buenos Aires, Chascomus, Chivilcoy, La Plata, Parana, Rosario, eta Jose C. Paz-eko euskal etxeen egitarauak.
2013/04/26
Bonbardaketaren urteurren berri baten aste berean, La Platako Euzko Etxea-ra iritsiko da Jaurlaritzak eta Gernikako Bakearen Museoak sustatutako Erakusketa Ibiltaria, urtebeteko itinerazioa eginik. Inaugurazioa gaur, 26an bertan eta maiatzaren 1era arte bisitatu ahal izango da Islas Malvinas Kultur Gunean. Bihar gaiari buruzko hitzaldia eta asteartean zine-eztabaida ere bilduko ditu. Berri honekin batera, aurten euskal etxeak garatuko dituen ekintzen egitaraua ere plazaratu da. Ez ahaztu uholdeen tupusteko kolpe izugarria jaso ondoren, La Platako egoiliarrak eta Euzko Etxea bezalako elkarte eta auzoak gogor ari direla egoera normala berreskuratzeko ahaleginean. Euzko Etxeak igandean egingo du Urteroko Batzar Nagusia.
2013/04/26
Aberri Egunaren ospakizuna iragan igandea arte atzeratu zuten Limako Euskal Etxeko bazkideek, ordura arte Hego Ameriketako euskal elkarteen MercoMus Txapelketan buru-belarri murgilduta izan zirelako. Ohi baino beranduago izan bazen izan bada ere, Limako Euskal Etxeak ez zuen Aberri Egunaren hitzordua galdu nahi izan eta, azken 27 urteotan bezala, lagun arteko bazkari eta elkarretaratze batekin ospatu zuen. Aurretik, meza elizkizuna eman zuen Miguel Irizar apezpiku euskaldunak, elkarteko abesbatzaren kantuek lagunduta.
2013/04/25
30 kontzertu inguru emango ditu azaroan Juan Mari Beltran musikariak Belgikan, Etxepare Euskal Institutuak eta Jeunesses Musicales elkarteak lankidetzan antolatu duten biraren baitan. Elkarte belgiarra herrialde honetako kultur munduan oso ezaguna da, eta, bere eskutik, Beltranek 20 kontzertu emango ditu eskolatan, eta publiko helduago bati zuzendutako beste 10 kantaldi antzoki eta kultur zentroetan. Beltranek bira aurkezteko kontzertua egin zuen asteartean Bruselan, Ander Barrenetxea (txalaparta eta perkusioa) eta Andoitz Antzizar (trikitixa eta ahotsa) musikariekin batera.
2013/04/25
Brasilgo euskal Diasporarekin harreman sakona du Arantxa Ugartetxea donostiarrak; izan ere, zortzi urtez bizi izan zen Sao Paulon 80. hamarkadan. Garai hartan ezagutu zuen hiriko Club Atlético Paulistano, euskal pilotazale amorratu talde batek osatua. Brasildar hauek zesta puntarekin duten grinak eta pasioak inspiratuta, Arantxak eleberrira bildu ditu herrialde honetako pelotariek bizi izan dituzten abenturak eta istorio harrigarriak. "Maite dute zesta puntaren ikusgarritasuna, pilotak otarra jotzen duenean egiten duen soinua", azaldu digu Arantxak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus