euskal diaspora eta kultura

2013/05/14
Dublinen da Eusko Jaurlaritzaren Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, Asier Vallejo, Diasporaren Foro Globalean parte hartzeko. Gaur eta bihar egingo dira foroaren lan-saioak eta Vallejok zenbait lantegi eta elkarretaratzetan parte hartuko du. Foro hau AEBetan jaio bazen ere, mundura zabaldu da eta aurten Irlandak bilduko du Europako atala. Mintegia diasporako komunitateei zuzenduriko topagunea da eta diaspora eta sektore pribatu, erakunde publiko eta gizartearen artean harremanak sortzea du helburu.
2013/05/14
General Acha-ko Euzko Txoko euskal etxea elkarte aktibo garrantzitsua da landa eremu honetako bizitzan. Errotutako ohiturari jarraituz, gauzatu berria du aurten ere Gral. Acha-ko Txahalaren Jai probintziala. 41. edizio honetan, ordea, lankidetza berezia eskuratu du, Macachingo Euzko Alkartasuna-ko dantzariek euskal dantza erakustaldia eskaini baitzuten festaren inaugurazioan, hogei bat laguneko ordezkaritza partaide, ondoren eguna konpartitzeko jaiaren esparruan. “Hurrengo urratsa gu Macachinera joatea izango da, bisita itzultzera” azaldu dio erakunde anfitrioiko lehendakari Osvaldo Videlak EuskalKultura.com-i.
2013/05/13
Euskal astea ospatu zen iragan maiatzaren 4tik 10era Hungariako Budapest eta Szeged hirietan, azken honetako unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzak antolatuta. Dantza eta musika izan ziren protagonista Euskal Astearen aurreneko bi egunetan, eta hungariarrek sena eta abilezia erakutsi zuten Dantza-plaza izeneko ekitaldi jendetsuetan. Ondoren, Szeged-eko Unibertsitatean egin ziren zine emanaldiek ere harrera beroa izan zuten.
2013/05/13
2013/05/13
Ekainaren 8 eta 9an burutuko da Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxean Dantzari Ohien Festa. Erakundeko kideak erabat murgilduta daude jadanik topaketaren antolakuntzan eta hori dela eta azken xehetasunak jakinarazi dizkiete ‘abarkak berriro janzteko prest’ dauden guztiei. Talde bakoitzak dantza bat aurkeztu ahal izango du eta talde bat osatzera iristen ez diren dantzariak beste euskal etxe bateko kideekin elkartu ahal izango dira jaian bertan. Ekintza guztietan parte hartzeko voucher-aren prezioa 350 pesokoa da (larunbateko otorduak eta hotela barne) eta erreserbak egiteko epea maiatzaren 31an amaituko da.
2013/05/13
Hemezortzigarren edizioa bete du aurten Euskal Herrian bizi diren Euskal Venezuelarren urteroko Topaketa eta egunpasak, Simon Bolivar elkarteak deiturik. Ia ehun lagunek erantzun zioten deiari. Galdakaoko tabernetan poteotxo bat egin ostean, meza egin zen hildako lagunak gogoan, ondoren Elexaldeko Aretxondo jatetxean bazkaltzeko. EuskalKultura.com elkarretaratzeko lekuko izan zen.
2013/05/10
Azken asteotan euskal poesiak mugak hautsi ditu eta munduko bi txoko urruneraino heldu da: Txekiako Brno hirira eta New Yorkera. Lehen kasuan, Brnoko Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzak antolatutako “Chansons d’amour, ilargi beterik gabeko gauak” poesia gauean entzun ahal izan dira euskarazko olerkiak. Bigarrenean, aldiz, Tere Irastortza idazlea New Yorken izan da PEN World Voices literatur jaialdian parte hartzen.
2013/05/10
Berez 'Union Vasca Sociedad de Socorros Mutuos' (Euskal Batasuna Elkarri Laguntzeko Elkartea) izen ofizialtzat duen Bahia Blancako Euskal Etxeak, erakundeko araudiaren araberako urteko batzarra eginik Zuzendaritza Batzordea berritu du, epe berrian Mikel Xabier Irazustak segituko duelarik lehendakari, lankide dituela, besteak beste, Javier Ederra, lehendakariorde; Maria Amelia Irastorza, idazkari; Juan Alberto Sosa, idazkariorde; Maria Teresa Sorrarain, diruzain; eta Iñaki Ederra, diruzainorde.
2013/05/10
Euskal Etxeko Lucio Echaniz Liburutegiak antolatuta, ‘Biblioneta’ren laguntza izan zuten Arrecifeseko euskaldunek ‘Ipuinaren Ordua’ irakurketa zikloari hasiera emateko. Proposamena oso erakargarria suertatu zen eta herriko eskoletako 3 eta 11 urte arteko berrehun bat neska-mutil bertaratu ziren euskal etxera literaturaz gozatzera. Arrakastaren ondotik, ‘Ipuinaren Ordua’ zikloaren bigarren emanaldia bihar larunbata izango da. Eta hurrengo asteburuan, maiatzaren 18an, txistularien bilgune izango da Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat, txistulariei zuzendutako 2013ko lehenengo FEVAren tailerrean.
2013/05/09
EuskalKultura.com-en euskal etxeek euren jardueren berri emateko egiten dituzte ekimenak zabaltzen lagundu nahi dugu, batez ere albistariak eta buletin elektronikoak egiten dituztenen ahalegina azpimarratuz. Halatan, jarraian eskuragarri jarri ditugu geurera heldu diren lau buletin: Arturo Campion Euskal Ikasketa Zentruko Guregandik aldizkaria, Caracaseko Euskal Etxeko Jazoera, Necocheako Euskal Etxeko Mezulari eta Astero, North American Basque Organizations federazioaren asteroko buletina.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus