euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

VIII. Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegirako lanak bidaltzeko epea ireki dute: uztailaren 15era arte

2011/06/17

Bakersfield-en (AEB) egin zen V. Euskal Herria Mugaz Gaindiko partaide batzuk (argazkia EuskalKultura.com)
Bakersfield-en (AEB) egin zen V. Euskal Herria Mugaz Gaindiko partaide batzuk (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

VIII. Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegian parte hartu nahi duten historialariek eta ikerlariek oraintxe dute aukera euren lan proposamenak bidaltzeko, antolatzaileek uztailaren 15era arte ireki dutelako horretarako epea. Aurtengo mintegia Donostian egingo da, azaroan, Euskal Gizataldeeen Mundu Biltzarrarekin batera. Euskal emigrazioari buruzko mintegi honetan hizlari bezala parte hartu nahi duenak gai proposamen laburra bidali behar die antolatzaileei. Behin betiko testuak urriaren 1ean entregatu beharko dira.

Donostia-San Sebastián. Euskal Herria Mugaz Gaindi Nazioarteko Mintegiaren antolatzaileak hasi dira jada aurtengo edizioa prestatzen eta epea ireki dute ikerketak eta aurkezpen proposamenak bidaltzeko. Gaiak euskaldunen emigrazioarekin eta munduan duten presentziarekin zerikusia izan beharko du.

Aurtengo mintegia Donostian egingo da, azaroan, Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarrarekin batera. Zortzigarren edizioa du jada nazioarteko euskal diasporaren ikerlarien topaketa honek, eta aurreko saioak Gasteizen (Euskal Herria), Montevideon (Uruguai), Baionan (Euskal Herria), Bakersfield-en (AEB), Arrasaten (Euskal Herria) eta Boise-n (AEB) izan dira.

Aurreko edizioetan bezala, aurten ere Donostiara etorri ezin dutenentzat mintegi birtual bat egingo da sarean. Mintegi birtual hau azaroaren 2tik 30era gauzatuko da, Euskosare webguneko "Ikertzaileak" taldearen atalean (www.euskosare.org/komunitateak/ikertzaileak).

Uztailaren 15era arte

Proposamenak bidaltzeko epea uztailaren 15ean itxiko da. Parte hartu nahi duenak bere ikerketaren azalpen laburra bidali behar dio mintegiaren idazkariari (email: jonander.ramos@ehu.es) honako informazioarekin:

- Ikerketaren izenburua eta laburpena (200 hitz gehienez)
- Ikerlariaren izena, helbidea, eta telefono edo e-mail bidezko kontaktua. Unibertsitate bateko kide bada, haren izena ere

Ikerketaren txostenaren azken bertsioa (25.000 karaktere gehienez) urriaren 1a baino lehenago helarazi behar zaio mintegiaren idazkariari. Txostenak mintegian erabiliko diren edozein hizkuntzatan aurkez daitezke: euskara, gaztelera, frantsea edo ingelesa.

Idazkariaren helbidea:
Jon Ander Ramos Martínez
Ameriketako Historia Saila Letren Fakultatea
Unibertsitatearen Pasealekua, 5
01006 Vitoria-Gasteiz
e-maila: jonander.ramos@ehu.es



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia