euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

500 lagun, jaki onenak eta zuzeneko musika Euskal Sustraiak EEak ospatuko duen II. Urdaiazpiko Jaian

2010/09/30

Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxeko kideak (argazkia EE)
Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxeko kideak (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Euskal Sustraiak Euskal Etxeak antolaturik, datorren urriaren 16an gauzatuko da Trenque Lauquen hiri argentinarrean Urdaiazpiko Jaiaren II. edizioa. Antolatzaileek 500 gonbite txartel egin dituzte baina eskaria ikusita, beldur daude ez ote diren nahikoak izango. Hitzordua bertako Barrio Alegre klubean izango da eta janari onenaz gozatzeaz gain, bi bidaia zozkatuko dira gonbidatuen artean.

Trenque Lauquen, Argentina. "Euskal Herriaren nortasuna islatzen duen ikur bat aukeratu nahi genuen eta horrekin lotuta jai erraldoi bat antolatu", kontatzen zioten iaz Trenque Launquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxeko kideek EuskalKultura.com-i. Eta janari onak zerikusi handia duenez Euskal Herriko kulturarekin, 'Urdaiazpiko Jaia' egitea erabaki zuten, euskal erakundeko arduradunek berek azaltzen dutenez. Ideiak oso harrera ona izan zuen herrian eta joan den urtean 400 bat lagun bildu ziren proposamen berrian parte hartzeko.

Aurten, esperientzia arrakastatsua errepikatzeko nahian, Euskal Sustraiak-eko kideek prest dute dena Urdaiazpiko Jaiaren II. Ediziorako. Barrio Alegre kluba izango da aurten ere festaren egoitza eta urdaiazpikoak, txorizo zuri eta gorriak, txerri gaztak, behi gaztak, bondiolak, pancetak eta euskal etxeko andreek prestatutako haragi-bolek osatuko dute menua. Gainera, urtebete baino ez duen tradizioari jarraituz, zahatoa mahairik-mahai ibiliko da, gonbidatuek 'euren iaiotasuna' erakuts dezaten.

Ikuskizunik ere izango da Urdaiazpiko Jaian. Izan ere 'Las 3 estaciones jazz band' eta 'Los gigantes del ritmo' taldeek musika jarriko diote gauari. Beste alde batetik, eta biharamunean Amaren Eguna ospatzen denez Argentinan, zozketa batzuk egingo dira. Sarien artean, estimatuenak seguruenik, Argentina barruan edozein lekutara joateko bi bidaia suertatuko zaizkio irabazle zoriontsuari.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia