euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2021 Aberri Eguna Diasporan: aurrez-aurreko hitzordu batzuk zipriztindu zuten ia erabat birtuala izan zen ospakizuna

2021/04/07

2021eko Aberri Eguna Patagoniako Chubut probintzian
2021eko Aberri Eguna Patagoniako Chubut probintzian

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Azken igandean ospatu zen Aberri Eguna Euskal Herrian eta Euskal Diasporan. Iaz ez bezala –gogora dezagun iazko Aberri Eguneko ekitaldi guztiak on line izan zirela– aurten bai burutu ahal izan dira aurrez aurreko zeremonia batzuk. Pandemia egoera honetan zaila da jakitea datozen asteetan zer gertatuko den; hala ere, edo agian horregatik, Diasporako euskal etxe batzuek momentuz dauden aukerak baliatu eta kanpoan biltzeko gonbitea luzatu zieten kideei. Eta erantzuna ez zen batere makala izan.

Euskal etxe askok aldi berean deitzen dituzten gainerako ekitaldien kasuetan bezala, ez da lerro hauen asmoa Aberri Egunean Diasporan gertatutakoaren isla banan-bana eta zehatz-mehatz eskaintzea, zertzelada solte batzuk emanez eguneko berri ematea baizik. Munduan berrehun bat izanik euskal etxeak ezinezkoa litzateke besterik. Jakitun gara, beraz, kanpoan utziko ditugula hainbat dei, lehenengo artikulu honetan behintzat. Hona oraingoz heldu zaizkigunetako batzuk:

Gertatu ohi denez, Argentina izan da dei gehien bildu zituen herrialdea. Necocheako Euzko Etxeak igandean bertan egin zuen ospakizuna, hiriko ‘Gernikako Arbola’ren aurrean. ‘Cacho’ Carricart EEko alkatea buru, lore eskaintza utzi zuten necocheatarrek zuhaitzaren oinarrian. Kiti Zubillaga lehendakariak hitz batzuk esan zituen eta Aurreskua eta gero, bildutakoek ‘Gernikako Arbola’ abestu zuten.


[2021eko Aberri Eguna Necochean, bertan hazten den 'Gernikako Arbola'ren aurrean zutunik]

Tandilgo Gure Etxekoak ere elkartu ziren haritzaren ondoan. Cecilia Lejarreta Euskal Etxeko lehendakariak hitz batzuk zuzendu zizkien bildutakoei eta ‘Gure Abestiak’ abesbatzak kanta batzuk abestu zituen zuzeneko musikarekin.


[Euskal tandildarrak eta Gure Etxea EEko musikari eta kantariak Aberri Eguneko zeremonian]

Argentinatik atera gabe, Magdalenako Ongi Etorri Euskal Etxeak ez zuen eguna besterik gabe pasatu utzi nahi izan eta kultur stand txiki bat muntatu zuen kalean. Standean Aberri Eguna zer den azaltzen zuten EEko kideek, tartean Ana Maria Ondarcuhu lehendakariak.


[Aberri Eguneko standa Magdalenan, bertako jendeari Euskal Herriaren eta Aberri Egunaren berri ematen]

Askoz hegoalderago eginez, Patagonian, Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxeko lagunak ere bildu ziren Aberri Egunean, euren kasuan iaz inauguratu zuten euskal muralaren aurrean.


[Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxeko lagunak euren egoitzako euskal muralaren aurrean]

Esan dezagun, bestalde, Aberri Eguna eta Pazko Igandea ospatzeko beste modu bat, batez ere Argentinan, janari salmentak antolatzea izaten dela. Ez dira gutxi ekimen hau prestatzen duten euskal etxeak. Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeko lagunek poz-pozik piztu zituzten berriro ere EEko sukaldeko suak.


[Saladilloko sukaldariak berriro Euskal Etxean]

Baina Diasporako euskal etxe gehienek ez zuten, hala ere, aurrez aurreko ospakizunik antolatzeko aukerarik izan eta sareetan zabaldu zituzten atxikimenduzko adierazpenak. Horrekin batera, lagun ugarik ikurrina eta nafar bandera atera zituzten balkoi ete lehioetara.

Aberri Egunaren data Pazko Igandea bada ere, apirilean zehar ospatzeko ohitura dute Diasporako hainbat elkartek. Hona datozen asteetan ospatuko duten euskal elkarte horietako batzuen berri:

Argentina

Cañuelasko Denak Bat-ek ezin izan du aurten antolatu duela 15 urte Aberri Eguna ospatzeko hasi zuen Dantzarien Topaketa. Horren ordez, abesbatza, musika eta dantza izango dituen proposamen birtuala prestatu dute. Hitzordua apirilaren 10ean da. Cordoba probintzian, Villa Mariako Euzko Etxeak Aberri Eguneko bazkaria egingo du apirilaren 11an. Informazio gehiago, hemen.

Ingalaterra

Londresko Euskal Elkarteak Iñaki Goiogana historialariaren ‘Eusko Jaurlaritza erbestean’ izenburuko hitzaldi birtualarekin ospatzera deitu du, apirilaren 15ean, arratsaldeko 7etan. Parte hartzeko eventslondonbasque@gmail.com helbidera eskatu behar da linka.

Peru

Limako Euskal Etxeak programa birtual hau prestatu du: Hitzak Elkartearen izenean, euskal dantzak, hitzaldia: “Peruko euskaldunen eta euskal jatorriko jendearen hiztegi historiko-biografikoaren handitzea”, argazki erakusketa eta afari birtuala. Hitzordua apirilaren 8an da, iluntzeko 8etan. Informazio gehiago, hemen.

Txile

Valparaiso-Viña del Mar-eko Euzko Etxeak Daniel Oholeguyren hitzaldi batera gonbidatzen du, apirilaren 10ean, arratsaldeko 7etan. Ekintza irekia izango da, Zoom-en. Informazio gehiago, hemen. Santiagon, Euzko Etxeak ondoko igandean ospatu ohi du, eta Txileko Euskal Gizataldea EEak bannerra zabaldu zuen sare sozialetan, asteazken honetarako hitzaldi baterako deia egiten duela.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia