euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Berrehun bat ume partaide 'Biblioneta' liburutegi ibiltarian Arrecifesko EEaren 'Ipuinaren ordua'ren baitan

2013/05/10

‘Ipuinaren Ordua’ zikloaren 2013ko edizioaren hastapena Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak, 200dik gora haur partaide (argazkiaEE)
‘Ipuinaren Ordua’ zikloaren 2013ko edizioaren hastapena Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak, 200dik gora haur partaide (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Euskal Etxeko Lucio Echaniz Liburutegiak antolatuta, ‘Biblioneta’ren laguntza izan zuten Arrecifeseko euskaldunek ‘Ipuinaren Ordua’ irakurketa zikloari hasiera emateko. Proposamena oso erakargarria suertatu zen eta herriko eskoletako 3 eta 11 urte arteko berrehun bat neska-mutil bertaratu ziren euskal etxera literaturaz gozatzera. Arrakastaren ondotik, ‘Ipuinaren Ordua’ zikloaren bigarren emanaldia bihar larunbata izango da. Eta hurrengo asteburuan, maiatzaren 18an, txistularien bilgune izango da Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat, txistulariei zuzendutako 2013ko lehenengo FEVAren tailerrean.

Arrecifes, Argentina. 'Biblioneta' proiektua --gaztelaniazko 'biblioteca' eta 'furgoneta' hitzen nahasketa izaki 'biblioneta'-- liburutegi ibiltari bat baino ez da, 700 bat liburu daramatzan liburutegi mugikorra. Liburuekin batera, beste adierazpen kultural batzuk ere eskaintzen dituzte ‘Biblioneta’ko sortzaile eta kontalari/dinamizatzaileek, beti literaturarengana hurbiltzen laguntzea xede.

Biblioneta Arrecifesen 2013 01

[Argentinako errepide luzeetan barrena egiten ari diren bidaiak Arrecifes herrira ekarri zuen ‘Biblioneta’ apirilaren amaieran. Bertan, Euskaldunak Denak Bat-ek deiturik, euskal etxearen aurrean aparkatu zuen, ‘Ipuinaren Ordua’ zikloaren 2013ko lehenengo elkarretaratzean parte hartzeko (argazkiaEE)]

Arratsaldean zehar, irakurtzeaz gain, entzun, margotu eta jolastu ere egin zuten neska-mutikoek euskal etxeko areto nagusi eta patioan.

Biblioneta Arrecifesen 2013 02

[Neska-mutilek ‘Biblioneta’k zeramatzan liburuak eskuratu eta baliatu ahal izan zituzten Euskaldunak Denak Bat-en Lucio Echaniz Liburutegiak antolatutako ekintaldian (argazkiaEE)]

‘Ipuinaren Ordua’ren 2013ko zikloari hain modu arrakastatsuan hasiera emanda, bigarren emanaldiaren data iragarri du jadanik euskal etxeak: bihar larunbata, hain zuzen ere, arratsaldeko 3:00etan, etxeko tabernan. Bigarren topaketa honetan ere umeak, ipuinak, jolasak eta irudimena izango dira atzera protagonista.

Biblioneta Arrecifesen 2013 03

[Arrecifeseko eskoletako 3 eta 11 urte arteko umeak taldeka bildu ziren ‘La Vasca’ ezizenaz ezaguna den euskal elkarte arrecifestarrean. Eskoletako maisu-maistrak ere parte hartu zuten literatur ekitaldian (argazkiaEE)]

FEVAko Txistu Tailerra

Beste arlo batean, musikarenean hain zuzen, Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxea Txistu Tailer baten egoitza izango da maiatzaren 18an. FEVAk sustatutako ikastaro trinko honek helburu nagusitzat dauzka txistulariak eta txistularien irakasleak trebatzea eta txistularien partaidetza bultzatzea euskal jaietan.

Klaseak larunbateko goizeko 10etatik arratsaldeko 7etara luzatuko dira, eta txistulari edota musika irakurtzen dakiten lagunei dago zuzenduta. Jose Gutierrez izango du tailerrak koordinatzaile.

Igandean, berriz, Txistulari Elkarretaratzea antolatu du Euskaldunak Denak Bat-ek. Topaketan klaseetan ikasitakoa gauzatzeko aukera izango dute musikariek. Bazkariko txartelak $80 balio ditu (edariak ez daude barne) eta erreserbak egiteko centrovascoarrecifes@gmail.com helbidera behar da idatzi.

Zuzendaritza Batzorde berria

Euskaldunak Denak Bat-eko arduradunek oroitarazi dute, azkenik, apirilaren 27an erakundearen Urteko Batzarra gauzatu zela, batzordeko kargu batzuk --tartean lehendakariordea eta idazkaria-- berritze aldera. Lehendakaritzari datorren urtera arte ez zaio tokatzen berritzea, beraz Omar Gorostidyk jarraitzen du euskal etxeko buru. 

Arrecifeseko Batzorde berria 2013 04

[Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordea (argazkiaEE)]

Honela geratu da osatua zuzendaritza datozen hamabi hilabeteetarako:

-Lehendakari: Omar Gorostidy
-Lehendakariorde: Ana Idigoras
-Idazkari: Lujan Valiela
-Idazkariorde: Graciela Robles Zabala
-Diruzain: Maria Magdalena Boveda Aldazabal
-Diruzainorde: Maria Ines Altonaga

-Batzordekide titular: Cesar Solanes Aurtenechea, Cristina Rodriguez, Maria Angelica Lugaro Gabilondo, Rosana Diaz, Analia Visciarelli
-Batzordekide ordezko: Eduardo Villa, Alicia Biain Azarola, Diana Cellotto de García Bilbao

-Kontu ikuskatzaile titularrak: Juan Lucio Agotegaray Echaniz, Maria del Carmen Echaniz, Norma Micchia Anzoategui
-Kontu ikuskatzaile ordezko: Marta Abarrategui Loyola, Belen Lecuna, Elena Azarola

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia