euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Bilatzailea


Euskal Etxe gehiagok bat egingo dute Gernikako urteurrenarekin: New York, Santiago, Salto, Gooding...

2007/04/24

New Yorkeko ekitaldia 'Ground Zero' delako gunean egingo dute Bonbardaketaren egunean bertan Bi egun baino ez dira gelditzen Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenerako eta gero eta euskal etxe gehiagok egin dute bat 1937ko apirilaren 26ean herri bizkaitarra suntsitu zuen bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiekin. Euskal komunitate bat dagoen munduko leku gehienetan oroitzapen ekitaldiren bat egingo dutela esan daiteke, tokian tokiko ahalbideen arabera. Gaur bertan, adibidez, Saltoko Euskaldun Taldeak (Uruguaien) gaiaren inguruko mintzaldi bat emango du; ostegunean bertan munduko Euskadiko Ordezkaritzek -- eta euskal etxe asko eta askok-- 'Gernikako adierazpena' izeneko bakearen aldeko testua irakurriko dute.

Townsvilleko (Australia) Euskal Etxekoek bilkura berezia egin zuten atzo, Gernikako bonbardaketa gogoan atxikiz

2007/04/23

Bilkura berezia egin zuten atzo igandez Australiako Basque Club of North Queensland euskal etxeko euskaldunek Townsville herrian. Larogei bat lagun bildu ziren euskal klubaren egoitzean eta hitzaldi txiki bat, lagunarteko bazkaria eta musika saio bat egin zuten, eguna Gernikako Arbola kantatuz amaitzeko, soinu baten akordeek lagunduta. Bildutakoen artean, Townsville bertako jendeak, 120 kilometro iparraldera dagoen Ingham-ekoak eta baita ehun bat kilometro hegoaldera dagoen Ayr-eko familiak ere. Bertako euskal familietako kopuru esanguratsuak dauka Gernikaldeko jatorria.

Edorta Jimenez idazle mundakarra Argentinan da bere azken lana, 'Tifusaren urtea', euskal etxeetan aurkezteko

2007/04/18

Edorta Jimenez idazle mundakarra Edorta Jimenez (Mundaka, 1953) Argentinan dabil egunotan 'Tifusaren urtea' bere azken lana aurkeztuz hainbat euskal etxe eta kultura etxeetan. Liburua 'thriller historiko' bat da eta Txalaparta argitaletxearen adar argentinarrak argitaratzen duen lehenengo lana da. Gaur arratsaldean Jimenezek Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxea bisitatuko du, Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenari buruzko mintzaldia eskainiz. Datozen egunetan idazle bizkaitarra Córdoba, Villa Carlos Paz, Santa Rosa, La Plata eta Buenos Airesen ere arituko da.

San Francisco, Laprida, Villegas, Río Cuarto, La Plata... munduko euskal etxeek Gernikako bonbardaketa gomutagai

2007/04/17

Gernikako irudi bat bonbardaketa ondoren Datorren apirilaren 26ean 1937ko bonbardaketa gogoratuko dute Gernikan, 70 urteurrena betetzean. Munduko herrialde desberdinetatik euskal etxe asko batuko zaizkio urteurrenari. Horietariko batzuk, Lapridako Arturo Campion Zentrua eta Villegasko Euskal Etxea bezala, hasiak dira jada ekitaldiekin eta beste batzuk, San Frantziskoko Basque Cultural Center-a kasu, gaur bertan hasiko dira. Baina gehiago dira, hala nola, Río Cuarto, La Plata, eta datozen egunotan informazioa hain segur bidaliko diguten beste hainbat. Gehienek apirilaren 26aren inguruan egingo dituzte ekitaldiak.

Euskal kulturak eta ekimenek tarte handiagoa izango dute aurten Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokan

2007/04/13

Juan de Garay Fundazioaren standa azokaren aurreko edizio batean (argazkia BasqueHeritage.com) Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokak ateak irekiko ditu astelehenean, azken 30 urteetan betetako hitzorduari helduz. Azoka maiatzaren 7ra arte luzatuko da eta aurtengo nobedadeen artean euskal kulturak izango duen tarte garrantzitsua aipatu daiteke, liburu aurkezpen, mintzaldi, liburu sinatze eta dantza eta musika ikuskizunekin. 33. edizio honetan Juan de Garay Fundazioaren parte hartzeari FEVA eta Eusko Jaurlaritzarena batuko zaizkio.

Gernikako bonbardaketa pausoz pauso nola gertatu zen azaltzen du Eitb24.com-ek infografia eta animazioz

2007/04/10

Bonbardaketari buruzko infografietako bat Hilabete honetan bertan Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrena beteko dela eta, EITBk gertakari historiko horren gaineko infografiak argitaratu ditu bere webgunean. Argazkiak, agiri grafikoak eta bideoak jaso dituzte lan horretan. Horiekin batera, nazioarteko dokumental bat ere eskainiko du ETBk, bonbardaketaren lekuko izan zirenen testigantzak baliatuta. Bonbardaketaren aurretik eta ondoren Euskadiko egoera nolakoa zen azaleratzea du helburu.

Produktoreek lortutako hainbat akordiorekin itxi da New Yorkeko Basque Film and Media Arts Festival jaialdia

2007/04/03

New Yorkeko jaialdian parte hartu zuen euskal ordezkaritza (argazkia L.Foncillas) Pablo Malo zuzendari donostiarraren 'La sombra de nadie' filmearen emanaldiak itxi zuen joan den ostiralean Manhattanen hiru egunez egin den Basque Film and Media Arts Festival, Euskal Zinema jaialdia. Euskal zine zuzendari eta ekoizleek bilerak eta topaketak egin dituzte New Yorkeko industria independentearen kideekin eta hainbat hitzarmen eta lankidetza adostu dituzte.

Arturo Campion Zentruak Gernikaren 70. urteurrena gogoratuko du apirilean egingo den zinemaldi batekin

2007/03/23

El Chaco probintziaren baitango Komunikabideen Museoa, Resistentzia hiriburuan; Fabio Echarri euskal-argentinarra da bertako zuzendari Hasiak dira munduko euskal etxeak Gernikako bonbardaketaren urteurrenerako prestatu dituzten ekitaldien berri ematen. Lapridako Arturo Campion Ikasketa Zentroa horietako bat da eta Argentina iparraldeko El Chaco probintziako Komunikabideen Museoarekin batera hil osoko programa antolatu du Resistentzia hiriburuan. 1936ko guda eta frankismo garaiari buruzko pasarteak biltzen dituen zinemaldia eta Gernikari buruzko erakusketa bat egitarautu ditu.

San Frantziskoko euskaldunek haritz bat landatuko dute Gernikako Bonbardaketaren 70. urteurreneko ekitaldietan

2007/03/21

San Frantziskon egingo diren Bonbardaketaren Urteurreneko ekitaldien kartela Datorren apirilaren 26ean 70 urte beteko dira 1937an Hitlerren hegazkinek Gernika bonbardatu zutenetik. Gertaera latz honek oihartzun handia izan zuen eta neurri batean bakearen nazioarteko ikur bihurtu zuen Gernika. 70. urteurrena dela-eta ekitaldi bereziak prestatu dituzte Euskal Herrian, eta munduko euskal etxe asko bilduko dira bakearen aldeko aldarrikapen honetara. La Plata edo Buenos Aires (Argentinan), Montevideo (Uruguain), Santiago (Txilen), Bogotá (Kolonbian) edota Mexiko (Mexikon) dira horietariko batzuk. Estatu Batuetan, San Frantziskoko Basque Cultural Centerrek ere bere ekitaldien berri eman du: apirilaren 17 eta 36 bitartean egingo dituzten mintzaldi, dokumental erakusketa eta haritz baten landaketa, besteak beste.

Erakusketak, mahainguruak eta grafittiak: Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrena Brasilgo Euskal Etxean

2007/03/21

Brasilgo Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordea Oraindik xehetasun batzuk konfirmatzeke badaude ere, Brasilgo Euskal Etxeak Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenaren ekitaldiei batzeko asmoa agertu du, eta egitarau oparo eta orijinala prestatu. Euskal Etxetik datozen proposamenen artean, hauetxek: Sao Pauloko unibertsitate garrantzitsuenetan mintzaldiak, Gernikan inspiratutako grafitti bat egitea Euskal Etxeko horman, eta herri bazkaria euskal elkartean.

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia