euskal diaspora eta kultura
2007/06/26
Zazpirak Batek izango du aurten Euskal Astea antolatzeko ardura eta giroa berotzen hasi asmoz bi lehiaketa eta txikientzako jarduera bat jarri ditu abian. Afitxeen lehiaketa, Gernikako bonbardaketaren 70. urteurreneko lehiaketa eta haurrek egingo dituzten postal erakusketa dira jarduerak eta hiruek euskara dute hari nagusi. Deialdia euskara ikasle eta irakasleei zuzendua dago eta lehiaketen zein postalen jardueraren emaitzak Euskal Astean ikusgai izango dira (urriaren 5, 6, eta 7an), Rosarion.
2007/06/13
2001eko irailaren 11an Anita Glesta artista newyorktarrak Dorre Bikien erasoa zuzenean ikusi zuen World Trade Centerren parean daukan apartamentutik. Beldurrak, Manhattanetik seme-alabekin egin behar izan zuen ihesak eta zentzugabeko biolentziaren biktima izatearen sentsazioak aurretik gertaturiko beste trajedia bat ekarri zion burura: Gernikaren bonbardaketa. Sufrimenduaren unibertsaltasuna, horixe da Glestak bihar inauguratuko duen 'Gernika/Guernica' ikusgarriarekin azaldu nahi duena. Horretarako Gernikako biktimen ahotsa eramango du Zero Gunearen inguruetara.
2007/06/08
Diáspora Vasco Argentina elkarteak eta Avellanedako Hezkuntza Teknikoko Eskolak gonbidatuta, hitzaldia eskaini du Buenos Aires ondo-ondoko hiri honetan Pedro Azcoiti diputatu nazionalak. Giza Eskubideei buruzko sarrera bat egin ostean Azcoiti Gernikan 1937ko apirilaren 26ean gertatutakoari buruz mintzatu zen, bonbardaketaren eragina aztertuz. Hitzaldi ostean ikasle eta irakasleek Euskal Herriaren egoerari buruzko eztabaida egin zuten.
2007/05/22
Omenaldia egingo diete larunbatean Ingalaterrako Southampton hirian 1937ko gudan bertara babes bila heldu ziren ia 400 umeei eta abegikor hartu zituzten familiei. Basque Children of 37 elkarte ingelesak antolatu du ekitaldia. Elkarte hau Ingalaterran gelditu ziren umeak eta euren seme-alaba eta ondorengoek osatzen dute. Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Miren Azkarate Kultura sailburua izango da eta baita Euskal Herrira itzuli ziren haur haietariko batzuk ere. Azken hauek gaur bertan aterako dira Ingalaterra aldera ferrian Bilbotik, bi eguneko itsas bidaian duela 70 urte eginiko bidea berregiteko asmoz.
2007/05/21
Suipachako Euskal Etxeak bukaera eman die Gernikako Bonbardaketaren 70. urteurrena dela eta antolatutako ekitaldiei. Horien artean, herriko intendenteak lagundurik, gertaera gogoratzen duen plaka bat desestali zuten euskal etxeeko kideek Balcarce plazan dagoen haritz kimuaren ondoan. Gainera 'Gernika Bakearen alde' adierazpena irakurri zuten Jauregi Munizipalean eta Gure Txokoa Euskal Etxeko lehendakariak, Carlos Alberto Irastorzak, ekitaldiok 'interes munizipaleko' aitortzen zituen dekretuaren kopia jaso zuen.
2007/05/14
Segitzen dute iristen gure erredakziora munduko hainbat euskal etxeetan Gernikako Bonbardaketaren 70. urteurrena dela-eta eginiko ekitaldien oihartzunak. Argentinako Tandil-en kasuan, ekitaldiak urteurrenaren egunean gauzatu ziren, eta 'Gernika bakearen alde' agiria irakurri eta omenaldia egin zitzaion Gernikakotik bizirik irten zen Tandilgo EEko buruzagi Roberto Lejarretari. Uruguaiko Salton, ostera, kultur aste bati ekin zitzaion eta hitzaldiak eskaini zituzten Roberto Zunini y Ana María Sciandro irakasleek.
2007/05/12
Aurrera darrai Brasilgo Sao Paulon, bertako Euskal Etxeak antolaturik Gernikako Bonbardaketaren 70. urteurrenaren karietara garatzen ari den kultura asteak. Gaurkoan 'Emakumeak gerletan: gogoeta bat' izeneko mahai-inguruaren txanda izango da, eta ondotik 'Libertarias' filmea ikusi ahal izango da. Biharkoan, dokumental eta mahai-inguru berri bati ekingo zaie. 1936ko gerlari buruzko testigantzak eta zenbait proiekzio eta debate biltzen dituen programa hau datorren asteko asteburuan amaituko da, Julio Medemen 'Euskal Pilota' emanez larunbatean, eta Aberri Egunaren jaia eginez igandean.
2007/05/10
Segitzen dute iristen gure erredakziora mundu osoan zehar hamaika euskal etxek Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenarekin bat antolatutako ekitaldien berriak. Argentinakoak dira honako biak: Pergamino hirian, 'Lagun Onak' Euskal Etxearen eskutik, meza eta ekitaldi nagusi bat egin ziren, azken hau Merced Plazan, Gernikako Haritzaren kimuaren aurrean, alkatea eta Euskal Etxeko zuzendariak bertan zirela. José C. Paz herrian, berriz, 'Toki Eder' Euskal Etxeko bazkide batek Picassoren 'Guernica'z eginiko erreprodukzio bat inauguratu zen.
2007/05/08
Atzo itxi zituen ateak Buenos Aireseko XXXIII. Liburu Azokak. Argentinako euskal komunitateak Gernikako bonbardaketan hil eta zauritutako biktimak gogora ekarriz hitzaldia eskaini zuen bere baitan apirilaren 27an. Berrehun bat lagun bildu ziren eta Aitor Alava dantzariak aurresku bat dantzatu zuen Gernikan hildakoen omenez. Ondotik Teresa de Zavaleta irakasle eta Euskaltzaleak elkarteko lehendakariak mintzaldia eskaini zuen, gertakariak azalduz.
2007/05/08
Mundu osoko hainbat lekutako hamaika Euskal Etxeen antzera Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrena gogoratu zuen, astebeteko ekitaldi egitarau batekin. Astean zehar gertakariaren historiaren inguruko ikastaro eta mintzaldiak izan ziren entzungai Mar del Platako Euskal Etxean. Ekitaldi nagusia apirilaren 26an Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean eginiko omenaldia izan zen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus