euskal diaspora eta kultura
2007/05/07
Lima hiriburutik, Peruko euskaldunak eta bertako Euskal Etxea Gernikako Bonbardaketaren 70. urteurrenarekin bat egin eta dei berezia luzatu zuten. EEko lehendakariorde Raúl Noblecilla hizlari, , bonbardaketa egunean Gernikan egon zen Ion Guarrotxena bazkideak 'Gernika Bakearen alde' agiria irakurri zuen, Gernikako Arbola kantatuz amatu zen ekitaldian. Bertako prentsak, hala nola 'El Comercio' eta 'Correo' egunkariek, urteurrena islatu zuren euren orrialdeetan.
2007/05/05
Rosarioko Euskal Etxeak Gernikako bonbardaketaren biktimei omenaldi berezia egin zien joan den apirilaren 26ean, gertaeren 70 urteurrena betetzen zen egunean bertan. Euskal Etxeko kide eta zuzendariak eta Rosarioko agintariak bilduta 'Euskararen oihua' izeneko eskultura inauguratu zuten. Artelan hau Gernikako Arbola zaharraren enbor zati batekin egina da eta bonbardaketaren biktimen minaren ikurra eta gerraren aurkako irudi izango da aurrerantzean Rosarion.
2007/05/04
La Platako Bakearen Lorategia izan zen Euzko Etxea elkarteak Gernikako bonbardaketa gogora ekartzeko aukeratu zuen lekua joan den larunbatean. Bonbardaketaren 70 urteurrena dela eta Euskal Etxeak Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zuen bertan, bakearen ikur bezala. Gauean euskal elkarteko kideak bertako egoitzan bildu eta Aberri Eguna ospatu zuten, Euzko Etxeak euskararekin duen konpromezua berrituz.
2007/05/03
Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxeak bat egingo du datorren igandetik aurrera Gernikako bonbardaketaren oroimenezko ekitaldiekin, erasoaren 70 urteurrena betetzen den honetan. Euskal elkarte brasildarrak ekitaldi egitarau mardula prestatu du, mintzaldi, mahai inguru eta zine emanaldiekin. Oroitzapen eta hausnarketa ekintza hauek hilaren 20an bukatuko dira, Aberri Egunaren ospakizunarekin.
2007/05/03
Gernikako Arbolaren hazi batetik jaiotako haritz kimu baten landaketa eta The Mark of Men: Survivors' Memories of the Bombing of Gernika dokumentalaren emanaldia izan ziren Estatu Batuetako Oregon estatuko Ontario Basque Clubek Gernikaren bonbardaketaren 70. urteurrenean antolatutako ekitaldien gakoa. Euskal Etxe estatubatuarrak bakearen aldeko eguna bizi izan zuen horrela. 'Euskaldun gehienek --eta guk, euskal amerikar lehengusuek ere-- Euskal Herrian konponbidea eta bake iraunkorra lortzeko esperantza mantentzen dugu', esan zuten elkarteko kideek.
2007/05/01
Mintzaldi berezia izan zen Edorta Jimenez (Mundaka 1953) idazleak Eusketxeko egoitzan eman zuena. Bizkaitarrak Gernikako bonbardaketari buruz hitzegin zuen, baina ikuspuntu pertsonal eta literario batetik. Entzulegoak, gaiari erabat lotuta eta hunkituta, adi-adi entzun zituen Jimenezen hitzak. 'Gure esperientzia gizarteratzen saiatzen naiz, ez ikuspegi alderdizale batetik, baina bai nire ustetan egia eta justiziaren alderdia izan zenaren ikuspuntutik', azpimarratu zuen Jimenezek BasqueHeritage.com-ekin eginiko solasaldian.
2007/04/30
Eusko Jaurlaritzak Txilen daukan Ordezkaritzako burua, Jon Erdozia donostiarra, bildu berria da, Valparaísora bidaiaturik, bertako Eusko Etxeko eta euskal komunitateko lagunekin, eta bere burua aurrez aurre aurkeztearekin batera, Jaurlaritzaren programa eta plan orokorrak aipatu ditu, Euskal Herriko egoera, Diasporarako planak eta Txileko euskaldunengan eraginik izan dezaketen kontuak aletuz. Hitzordura bildutakoek, berriz, euren ikuspegi, kezka eta proposamenak luzatu dizkiote Ordezkariari, kontaktuak areagotu eta maizago egitekotan.
2007/04/28
Gernikako bonbardaketaren 70 urteurreneko oihartzuna herrialde askotara heldu da egunotan, euskal etxeek eta Euskadiko ordezkaritzek egin dituzten ekitaldieri esker. Oihartzun hori herrialde anglosaxoietara heldu da baita ere, bertan bizi diren euskaltzale eta euskal etxeen bidez. Dublin (Irlanda), New York, Gooding, Washington DC, San Frantzisko, Reno edo Ontario (igande honetan), izan dira horietako batzuk. Nazioarteko komunikabideek ere jaso dute berria, horien artean itzal handiko Los Angeles Times, Washington Post (AEB), The Guardian edo Times (GB) egunkariek.
2007/04/26
1937ko apirilaren 26ean Hitlerren abiazioak, Francoren aginduei jarraiki, Gernika bonbardatu zuen, herriko ehunka biztanle hil zirelarik. Naziak prestatzen ari ziren Bigarren Mundu Gudaren entsaioa izan zen erasoa, adituen esanetan. 70 urte geroago gertaera lazgarria ahaztu ez, baina itxaropen eta bakearen ikur bihurtu da Gernika. Gaur urteurreneko ekitaldietan Ibarretxe lehendakariak, nazioarteko hainbat ordezkari eta bakezalek lagunduta, 'Gernikako Adierazpena' irakurriko du, bakearen aldeko manifestua. Testuak munduan zehar oihartzuna izango du Euskadiko ordezkaritza eta euskal etxei esker.
2007/04/25
Frankfurteko Goethe unibertsitateko Euskal Ikaskuntzen Alemaniako Etxeak hainbat ekitaldi antolatu ditu datozen asteetarako. Lehendabizikoa gaur bertan izango da: euskal sukaldaritza ikastaro bat, Gamarrako Ostalaritza Eskolako bi irakasleek gidatuta. Bigarrena datorren maiatzaren bian izango da, Edorta Jimenez idazlearen eskutik. Jimenez Frankfurten izango da 'Kilkerren hotsa' bere liburuaren alemanierazko bertsioa aurkezteko. Liburu honekin euskal literaturari buruzko bilduma bat hasiko du Pahl-Ruhenstein argitaletxeak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus