euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zorionak eta Urte Berri On, gure agiantza onenekin, irakurle!

2020/12/25

Aurtengo Eguberri postalean, aurtengoan Zoom bidez, baina Kanadako British Columbiako Zazpiak Bat Euskal Etxeko haurrengana iritsitako Olentzero
Aurtengo Eguberri postalean, aurtengoan Zoom bidez, baina Kanadako British Columbiako Zazpiak Bat Euskal Etxeko haurrengana iritsitako Olentzero

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Beste urtebete pasa da --eta zer nolakoa!-- eta Eguberri sasoian jarri gara berriz ere. Covid-19aren etorrerarekin, urtea zaila izan da, eta harek ekarritako egoera "lagun" izango dugu hastear daukagun urtean ere. Ez dugu ezkutatuko bizi izan ditugula bolada hobeak, baina baita askoz ere txarragoak ere. Eta zailtasun guztien gainetik, Euskal Herriko eta munduko euskaldunok aurrera egin dugu. Baita oraingoan ere.

Batzuk esaten dute euskaldunok kaskagorrak garela, eta baliteke horregatik segitzea gurea bezalako herri, hizkuntza eta kultura batek bizirik eta borrokan munduaren azalean. Aurrera egiteko errezeta ez da berria eta bere osagaien artean dauzka gogoa, lana, engaiamendua, irudimena, elkartasuna eta ilusioa gure ondokoei gure aurrekoek eman zigutena transmititzeko, hobetua beti ere. Horrek balio du Euskal Herrian, eta baita munduko gure euskal etxe eta komunitateetan ere, elkartasunak eta elkartuta egoteak ematen baitugu indarra garai zailetan euskaltasunaren gordailu izandako hainbat euskal etxe gogoan.

Konpromisotik, elkarrekin estuago lan eginez eta elkarri lagunduz egingo dugu aurrera 2021ean ere. Bakoitzak bere eskuetan dagoena eginez eta geroa egunero borrokatuz. Guk behintzat, hala egingo dugu EuskalKultura.eus-etik.

Beste baterako utziko dugu aipatzea 2021ean, 20 urte beteko dituela interneteko gure proiektu honek, eta horregatik ere indar eraberrituz jardungo dugula egun gutxi barru hasiko den urtean.

Gaurko gure mezua, ilusiorako eta bozkariorako deia da, xinplea, eta urterokoa izan arren indarra eta balioa galtzen ez duena. Zorionak eta Urte Berri On, irakurle. Zaindu eta disfrutatu!



Komentarioak

  • Zueri ere zorionak

    Zorionak zueri ere eta eskerrik asko

    Mari Galarraga (CABA), 2020/12/26 22:46

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia