euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zenbat programa eta ekitaldi Argentinako nafar etxeetan San Frantzisko Xabier eta Nafarroako Eguna 2023 ospatzeko

2023/12/01

Abenduaren 3an, Nafarroa osoak San Frantzisko Xabierkoa oroitzen du eta diasporan ere  euren omenezko ekitaldiak antolatu dituzte
Abenduaren 3an, Nafarroa osoak San Frantzisko Xabierkoa oroitzen du eta diasporan ere euren omenezko ekitaldiak antolatu dituzte

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Datorren igandea, abenduaren 3, San Frantzisko Xabier eguna da eta egun horretan urtero ofizialki Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Erkidegoaren Eguna ospatzera deitzen du, aurten Nafarroaren Eguna “Una Navarra muchas / Hamaika Nafarroa batean” lelopean, Foru Komunitateko pluraltasun eta aberastasunari erreferentzia eginez. Aniztasun horren parte da, izan ere, Argentinako nafar diaspora, urrunetik, baina egunarekin bat eginez euren egitarau eta ospakizunekin. Hona Argentinako lau nafar etxeek programatutako jarduerak.

Elkarteko gazteen eskutik, Buenos Airesko Nafar Etxeak (Moreno 3682, Almagro) zinema, dantza eta afaria eskainiko dituen ospakizuna antolatu du. Abenduaren 8an, ostirala, 19etan, Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak Argentinara orain urtebete egindako bisitan grabatutako "Nafar Haziak" dokumentala proiektatuko dute. Horrez gain, bertako dantzari taldea eta talde gonbidatuak arituko dira. Taberna zerbitzuak, tortillak, ogitartekoak, pintxoak, pastelak, izozkiak eta edariak eskainiko dituzte. 14 urtetik beherako haurrek doako sarrera izango dute, eta helduek, sarrerarekin (1000 $), zozketa batean hartuko dute parte. Eros aurrez zure txartela Marinarekin kontaktatuz 11-59238532 telefono zenbakian.

Rosarion, bere 110 urteak ospatzeko antolatutako programaren baitan ospatuko du Nafarroaren Eguna Rosarioko Nafar Etxeak (Entre Rios 248). Abenduaren 8an, 20etan, David Abalos eta Carlos Bay artista plastikoen erakusketa inauguratuko dute, ondoren "Nafar Haziak" dokumentala emanez. Gaua pintxo eta tapekin itxiko dute. Larunbatean, abenduaren 9an, 19etan, ibilbide luzeeneko bazkideak omentzeko bildu eta Regina Bortolussi zuzendari duen dantza taldeak dantzatuko du, Elsa Nora Pozak zuzendutako txistulari taldeak lagun. 21:30etan afaria gauzatuko da, eta Erreginaren hautaketa. Afari txartelak abenduaren 5era arte eros daitezke Elkarteko Idazkaritzan, 341-7958513 telefonoan; edo Alejandrarekin 341-6659052, edo Reginarekin, 341-303035400, kontaktatuz.

Mendozako nafar komunitatearentzat ere, data berezia izango da, izan ere datorren igande honetan, abenduaren 3an, 40 urte beteko baititu Mendozako Nafar Etxeak eta gaualdi artistiko handi batekin ospatuko dute Julio Le Parc Espazioko Tito Francia Aretoan. 19:30etan, urte osoan egoitza sozialean (Rioja 553) ibilitako taldeak protagonista dituen ikuskizuna abiatuko da. Andrea Cortez zuzendari duen antzerki taldeak idatzitako gidoi batean oinarritutako antzezlanak Argentinara emigratu zuen nafar baten istorioa kontatzen du. Bere maitea Nafarroan utzita, oso zaharra denean topatuko du berriro. Partaide izango dira Lucas Marengok zuzendutako dantzari taldea, Ruben Caparotta zuzendari duen "Alma Navarra" Abesbatza,  eta Argentinako folklore taldea eta dantza talde espainiarra, Paola Antiga eta Gabriela Della Saviak zuzendari.

Bere aldetik, Bolivarreko Nafar Etxea ere lanean ari da garrantzitsua izango den elkartearen urteurren festa antolatze lanetan. Mariana Sardon lehendakariak EuskalKultura.eus-i jakinarazi dionez, elkarteak 70 urte beteko ditu datorren urtarrilean eta ekitaldi egitarau handia behar dute aurkeztu. “Nafarroaren Eguna dela eta, ematen didazuen aukera baliatuko dut nafar guztiei agur bero bat bidaltzeko", eta laster plazaratu eta azalduko dituzten ekitaldiekin bat egitera gonbidatzen dute.

Nafarroaren Eguna programa sorta batekin ospatuko da aldi berean Nafarroan bertan, baita Espainiako geografian barrena dauden hainbat nafar etxe eta elkartetan ere. Zorionak nafar guztiei, eta bereziki egunarekin Diasporatik bat egingo dutenei.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia