euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Datorren igandea Euskararen Nazioarteko Eguna da (ENE) eta Euskal Diasporan eta nazioartean izango du oihartzuna

2023/12/01

2023ko Euskararen Nazioarteko Eguneko hitzorduetako bi: Argentinako La Platan, eta Espainiako Madrilen
2023ko Euskararen Nazioarteko Eguneko hitzorduetako bi: Argentinako La Platan, eta Espainiako Madrilen

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Datorren igandea, abenduaren 3a, ospakizun eguna da euskaldunen artean nonahi daudela, San Frantzisko Xabier eguna baita, eta horrek Euskararen Nazioarteko Eguna egun horretan finkatzea ekarri zuen, eta Nafarroaren Eguna ba baita ere, Nafarroako Gobernuak deituta. Bada, beraz, hiru ospakizun horiek batera egingo dituenik. Are gehiago. Urtea bukatzen ari dela, asko dira euskal etxe eta elkarteak munduan ospagai horiekin batera Eguberria eta Olentzero, ikasturtearen, eta klase eta tailerren amaiera eta urtearen amaiera ere ospatuko dutenak... abendu hasieran bada ere. Horrez gain, munduko euskal etxeen sarearekin batera, Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate irakurletzen sareak ere bat egingo du, Euskararen Eguna baliatuz euskara plazara ateratzeko eta tokian tokiko saio bereziak egiteko euskarari eta euskal kulturari presentzia publiko berezia emanez. Hona saio horietako batzuk (ekitaldietako asko datorren astean ere egingo direnez, datorren astean artikulu honen segida bat argitaratuko dugu).

Andana dira munduan Euskararen Egunarekin bat egin duten Etxepare Euskal Institutuko irakurletzak, aukera baliatuz euskara eta euskal kultura plazara atera eta jendaurretzeko

Kubako Habanan jarduera programa bat antolatu dute "Euskara, mundiala. Jornadas del euskera en La Habana 2023" izenpean Habanako Unibertsitatean, azaroaren 13tik abenduaren 19ra, hala nola euskarari buruzko mahai-ingurua lau aktibistekin, ibilaldi gidatua Habanan, euskarari buruzko hitzaldia zientzilarientzat, eta Euskararen Nazioarteko Eguneko Jaialdia. Argentinako La Platan, 'Betiko Haizea' dokumentala eskainiko dute abenduaren 5ean, Osses albokari arabarraren bizitza eta lanari buruz Mauro Tellechea argentinarrak eginikoa, Tellecheak bertaratutakoen galderak erantzungo dituela.

Txileko Santiagon azaroaren 28an eta abenduaren 2an Pontificia Universidad Católica de Chile eta Universidad de Chilen ospatuko dure Euskararen Eguna. Horma-irudien eta bideoen erakusketa, Kimuak film laburren katalogoko lanak Santiagoko Euzko Etxean, eta herri kirolen tailerra eta pintxo lehiaketa partekatuz. Mexiko Hirian, abenduaren 3an bertan, UNAMen, Euskal Dantza Ikastaroa eskainiko da. Unai Elorriaga idazleak solasaldia emango du Euskal Etxean aurreko egunetan Guadalajarako Liburu Azokan parte hartu ostean.

Estatu Batuetan, Illinois aldean, azaroaren 30ean, University of Illinois Urbana-Champaign-en, hitzaldia eskainiko du Ander Beristainek, Saint Louis Unibertsitateko irakasleak “Basque Dialectology in a Changing World: New Communities and Speech Patterns” titulupean. Los Angelesen, abenduaren 5ean Universitu of California, Los Angeles-en Twich saioa bat antolatu dute, Iruñe Astiz eta Eneko Oroz euskal streamerren eskutik. Madrilen, abenduaren 4an, "Bertso-kozido afaria" antolatu dute Complutense Unibertsitateko Sailekoek eta Euskal Etxeak, Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeita Euskal Etxeko bertso-afari horretako partaide.

Helsinkin, azken 50 urteotan euskal kulturaren biziberritzean izandako garapen eta protagonistei buruzko hitzaldi-zikloa antolatu dute, azaroaren 1etik eta 29ra, literatura eta hizkuntzari buruzko hitzaldiekin. Literaturaz gain, zinema eta arte ederrak ere landuz, beti ere XX. mendearen bigarren erdian eta XXI. mende hasieran euskal kulturak izan zuen garapen eta loraldiari eskainiak, University of Helsinkin. Berlinen, azaroaren 15etik abenduaren 6a bitartean, hainbat ekitaldi irakurlea eta Berlingo Gernika Euskal Etxea antolatzaile. Leipzigen, abenduaren 4an, Universität Leipzig-en, “Dies Academicus – Euskara tailerra”, euskara eta euskal kultura landuz Dies Academicus programaren baitan.

Bolonia eta Venezian, abenduaren 1etik 6ra University of Bologna eta Università Ca´ Foscari Venezian, hitzaldiak, abenduaren 1ean, Francesco Massida ikasle ohia barnetegian bizitako esperientziaz; abenduaren 4an, Marta de Pedisekin solasaldia Arabako Bertsolari txapelketan parte hartzeari buruz; abenduaren 6an, Iban Zalduaren "Come se tutto fosse accaduto" liburuaren aurkezpena. Edinburgon, abenduaren 2an, The University of Edinburgh-en, “Euskararen eguna / A day of Basque”. Euskal dantza tailerra, Hitzen Jokoa, bazkari herrikoia eta zenbait kontzertu. Txekian, Brno-n, abenduaren 3an Masaryk University-ko irakurletza antolatzaile, Irati (Paul Urkijo, 2022) filma pantailaratuko dute Brnoko Klno Art zinema aretoan.

Poloniako Poznan-en, Adam Mickiewicz University-ko irakurletzaren eskutik, “Euskara bizia”mahai informatiboa eta euskal dantza ikastaroa egingo dira.abenduaren 7an. Frankfurt-en, berriz, Afrika Bigang-en hitzaldi musikatua.iragarri dute Goethe-Universität-en abenduaren 7an. Bartzelonan, ostera, Iñaki Iurrebasoren hitzaldia azaroaren 30ean, Universitat de Barcelona eta Universitat Autònoma de Barcelona-ko Euskara Sailak antolatzaile, Euskararen Eguneko ospakizunen baitan.

(Etxepare Euskal Institutuak emandako datuetan oinarrituriko informazioa)

Artikuluak segida izango du datorren astelehenean. Ikus baita ere agenda.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia