euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Wynton Marsalisen Suite for Vitoria lanak euskal musika eta jazza batuko ditu New Yorkeko Lincoln Center-en

2008/04/26

Wynton Marsalis tronpeta-jolea
Wynton Marsalis tronpeta-jolea

PUBLIZITATEA

Wynton Marsalis tronpetajolea, gaur egungo jazz musikari garrantzitsuenetako bat, New Yorkeko Lincoln Center-eko Rose Theaterren arituko da gaur gauean Suite for Vitoria lana aurkezten. Gasteizko Udalak eskatuta idatzitako lana da hau eta euskal musika, jazz-a, swing-a eta flamenkoa nahasten ditu. Marsalisek harreman estua du arabar hiriburuarekin, bertako Jazz Jaialdian sarri jo izan duelako. Apirilaren 28an, San Prudentzio egunean (Arabako patroia) Marsalisek lehen aldiz grabatuko du Suite Vitoria lana, 2009an argitaratuko den disko baterako.
Lincoln Center-eko Rose Theater aretoan euskal musika eta jazzaren fusio berezia entzungo da gaur, Wynton Marsalis tronpetajolearen Suite for Vitoria lanarekin. Emanaldia Tap Meets Flamenco ikuskizunaren barnean eskainiko du Marsalisek, Jazz at Lincoln Center Orchestrarekin batera. Chano Dominguez pianojoleak eta Tomasito flamenko dantzariak ere parte hartuko dute ikuskizunean, besteak beste. Orkestraren managerra den Lauren Arana euskal amerikarrak gonbidapen berezia luzatu dio New Yorkeko euskal komunitateari, Suite for Vitoria lanaren emanaldi berezi honetara biltzeko.

Marsalisek, Gasteizko Udalak eskatuta idatzi zuen musika lan hau duela urte batzuk, jaialdiaren 25. urteurrena ospatzeko. Jaialdiko arduradunek blues bat egiteko eskatu zioten, baina Marsalisek pieza luzeago bat egitea erabaki zuen. Duela lau urte, jaialdiaren 30. urteurrenean, lehenengo aldiz jo zuen. Harrez gero Marsalisek eta Jazz at Lincoln Center Orchestrak suite honen zatiak jo izan dituzte munduan zehar. Asteburu honetan, ostegunean hasi eta gaur arte, Suite for Vitoria Rose Theater-en entzungai izan da.

San Prudentzio egunean grabazioa

Kointzidentzia izan edo patua agian, datorren astelehen honetan, San Prudentzio egunean, Marsalisek eta bere orkestrak lehen aldiz osorik grabatuko dute Suite for Vitoria. Diskoa 2009rako kalean egongo dela jakinarazi dute. Suite for Vitoria lanak lau zati ditu: “Jason and Jasone”, “Suave en la noche”, “La decision de Inaki eta “Lamento vasco” edo “Euskadi”. Marsalisen euskal munduaren ikuspegi berezi honek euskal musika, jazza, swinga eta flamenko musika batzen ditu.

New Orleanseko tronpetajolea gaur egungo jazz musikari garrantzitsuenetako bat da eta bederatzi Grammy sari irabazi ditu. Musikaren Pulitzer saria jaso zuen lehenengo jazz musikaria ere izan zen. Marsalisek harreman estua du Gasteizekin, sarri parte hartu izan duelako jazz jaialdian. Ekainaren 13tik 19ra izango da 34. edizioa eta aurten Sonny Rollins, Chucho eta Bebo Valdés eta Herbie Hancock bezalako musikariak arituko dira bertan.


Lotura interesgarriak

34, Jazz Jaialdia, Vitoria-Gasteiz
www.jazzvitoria.com

Jazz at Lincoln Center
www.jalc.org

Wynton Marsalisen webgunea
www.wyntonmarsalis.org

Marsalisen jam session bat Gasteizen
Youtube.com


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia