La Plata, Argentina. La Platako Euzko Etxeak berritu berria du bere presentzia digitala. Urrats honekin, erakundearen webgunea eguneratzeaz gain, joan den mendearen amaieran abiatutako lan-ildo aitzindaria berresten du. Web berria lau hilabeteko lan tekniko eta estetikoaren emaitza da. Javier Clúak gidatzen duen Zuzendaritza Batzordeak koordinatu du, eta Adrián Chariatte bazkideak garatu, euskal etxearen baliabideak optimizatzea eta komunikazio-bide ofizialak antolatzea helburu.
Atzera begira, Elkartearen ibilbide digitala 1998an hasi zen. Orduan, Carlos Sarasola bazkideak "Euskara Interneten" izeneko proiektua bultzatu zuen, euskal etxearen euskara sailaren babesa lagun. Lan hura 1999ko ekainean gauzatu zen, EEaren lehen webgunearen sorrerarekin, orduan bazkide gazte zen Sebastian Caparrós Olaizen eskutik. Hastapeneko ikuspegi aitzindari hura gaur egun biziberritu da, eta egungo fase honetan, euskal etxeak zuzenean bere gain hartu du hiru domeinu historikoen kontrola: centrovasco.com, cvascolaplata.org.ar eta centrovascolaplata.eus. Azken horri esker, Euzko Etxea da Euskal Herriko ekosistema digitalean ofizialki txertaturik dagoen Argentinako erakunde bakarra.
Webgunean eta kudeaketa informatiko osoan
Kolore-paleta eta estetika instituzionala errespetatuz, webgunearen berriztapenak komunitatearen behar aldakorrei erantzun nahi izan die. Portal berriak euskal etxearen historia, sorrera-agiriak, hitzarmenak, ekitaldien agenda eta albiste eguneratuak biltzen ditu, bazkide egiteko eskaera-orri digital batekin batera. Horrez gain, web-analisirako tresna bat ezarri da; dagoeneko hasiera honetan hainbat bisita jaso dituelarik, Argentinatik, Estatu Batuetatik, Frantziatik eta Euskal Herritik.
Webgune nagusiko lanaz gain, euskal etxeak kalitatezko jauzi handia eman du bere ondare kulturala kudeatzeko eta zabaltzeko, programa informatiko espezifikoak ezarrita, abangoardia teknologikoan kokatuz. Agiri historikoak kudeatzeko, nazioarteko estandarrak dituen AtoM softwarea hartu dute; tresna horrek aktak eta agiriak urrunetik kontsultatzeko aukera ematen du, ikerketa historikoetarako oinarrizkoak diren kontsultak erraztuz. Bestalde, Koha sistemak liburutegiko katalogoa digitalizatzen du, bilaketa-motor arin eta eskuragarri bat eskainiz webgunearen bidez.
Baietz berrikuntzari!
Mende laurden baino gehiago pasatutakoan hasierako urrats digital haietatik, Euzko Etxeak bere lidergoa berretsi du, iragan oparoaren eta berrikuntza garaikidearen arteko zubi sendoa eraikiz.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


