euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Viedma: protokolozko bisita eta harrera gozoa Aberri Etxean, hirian praktikak egitera EHtik etorritako MUko hiru gazteei

2023/03/29

Aberri Etxean harrera egin zieten atzo Patagoniako unibertsitateetan praktikak egitera etorritako MUko hiru ikasleei. Euskal Etxean ere laguntzaile bolondres izango dira, eta besoak zabalik hartu dituzte
Aberri Etxean harrera egin zieten atzo Patagoniako unibertsitateetan praktikak egitera etorritako MUko hiru ikasleei. Euskal Etxean ere laguntzaile bolondres izango dira, eta besoak zabalik hartu dituzte

PUBLIZITATEA

Viedma, Argentina. Usue Odriozola Nava, Mikel Zubizarreta Aizpurua eta Aia Irastorza Adin otsailean iritsi ziren Viedma hiri patagoniarrera, bertan udako etenaldi betean zeudela, eta, ondorioz, Mondragon Unibertsitateko (MU) ikasle diren hiru gazteei Euskal Etxean egin beharreko harrera atzeratu behar izan zen. Azkenik, atzo Aberri Etxean bildu ziren Zuzendaritza Batzordeko kideak eta Aberri Etxeko Lan Arloetako arduradunak gazteei ongi etorria emateko.

Euren karreretako praktika profesionalak egitera etorritako gazteek protokolo bisita ugari egin dituzte. Duela gutxi, Aberri Etxeko lehendakariorde María del Carmen Elzaurdiarekin eta EEko Kultura Arloko arduradun Rubén Suárezekin Carmen de Patagones hiriko José Luis Zara intendentearekin bildu ziren.


Martxoaren 14an Carmen de Patagonesko intendente José Luis Zarak egin zien harrera euskal ikasleei. Argazkian, Zara intendentea eta Kultura Saileko udal funtzionarioak, EEko Maria del Carmen Elzaurdia Lehendakariordearekin eta Rubén Suárez Aberri Etxeko Kultura Sailekoarekin batera.

"Esperientzia aberasgarria" eta "Etxean bezala sentitu ahal izatea"

EuskalKultura.eus-ek izaten ari diren esperientziaz galdetuta, Mikelen esanetan, “Orain artekoa oso aberasgarria izan da, alde guztietatik, jendeagatik, kultura berri bat ezagutzeagatik, oso gustura gaude, egia esan eta Euskal Etxeko jendearekin oso harreman ona eraiki dugu”. Argentinara iritsi aurretik euskal diasporari buruzko ezagutza handirik ez zuela aitortzen du legazpiarrak.

Mikelek bezala, Usue donostiarrak ere ez zeukan Diasporaz erreferentzia handirik, Madrilen bizi den lehengusinak bertako Euskal Etxeaz kontatutakoa ezik. “Hau da, beraz,  nire aukera ikusteko eta ezagutzeko” dio.

Aia hendaiarrak, bere aldetik, bazekien Argentina dela munduan euskal etxe kopuru handiena duen herrialdea, eta izan ere, horrek pisu handia izan zuen Europatik kanpo egin behar zuen lehenengo bidaia Argentinara izatea erabakitzean. Izan ere, horrek etxean bezala sentitzea ahalbidetu dio. “Euskara eta Euskal Herria nola maitatzen duten ikusi, sentitu eta bizitu dut hemen. Eta esperientzia hau betiko gorde nahi nuke eta neuk ere nire ekarpen txikia, nire euskal hondar aletxoa utzi hemengo Euskal Etxeko jendeei laguntzen”, aitortu dio gure buletinari.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia