Iruñea-Pamplona. Diasporako gazte taldetxo bat, Buenos Aires, Rosario, Bolívar eta Mendozako Nafar Etxeetatik etorria, Foru Komunitatean da egunotan herrialdea bisitatzen, Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzako Zuzendaritza antolatzaile duen Udako Eskola-Escuela de Verano 2025ean partaide, foru exektiboko NEXT estrategiaren baitan. Gazte horietakoak dira Carolina Oña (Rosario), Mariana Garguilo (Bolívar) eta Sebastian Dorronsoro (Buenos Aires), Eskola ekainaren 28an amaitu arte geratuko dira Nafarroan, eta batzuk luzeago, ate joka dauden Sanferninetan parte hartzeko edo familia bisitatzeko baliatuz.
Taldeak Iruñeko Alde Zaharra bisitatu zuen atzo eta Udaletxean egin zuen geldiunea. Bertan, Joseba Asiron alkateak errezibitu zituen eta ondoren Nafarroako Jauregira pasatu ziren, bertan harrera egin baitzien Nafarroako Gobernuaren izenean Ana Ollo bigarren presidenteorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak, Sergio Pérez Kanpo Ekintzako zuzendaria lagun zuela, besteak beste.
2025eko Udako Eskolako partaideen lehenengo eguneko irudiak
Taldeak bisita segituko du gaur asteartean, Nafarroa Erdialde eta Erriberan barrena: Erriberri, Tutera eta Bardeak; asteazkenean, hilak 25, Donejakue Bideko tarte bat egingo dute oinez, Gizateriaren Ondare Immateriala den horretan bisitatuz Eunateko Santa Maria, Obanos, Gares eta Lizarra; ostegunean, 26an, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP - UPNA) txanda izango da, ondoren Amaiur, Zugarramurdi eta Elizondoraino heltzeko; ostiralean, 27an, Iratiko Oihana etorriko da, Orrega eta Donibane Garazi hiriburu baxenabartarra; eta larunbatean, ekainaren 28an, Zangotzako eskualdera iritsiko dira, Irunberriko Arroila, Leireko Monasterioa eta Xabierko Gazteluarekin bukatuz.