euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txinako Euskal Etxeak bere Urrezko Abakoarekin sarituko du bihar Shanghain Juanito Sarasola bazkidea

2009/02/14

Juanito Sarasola eta Shanghaiko Euskal Etxearen logoa
Juanito Sarasola eta Shanghaiko Euskal Etxearen logoa

PUBLIZITATEA

Shanghaiko Euskal Etxeak bere 'Urrezko Abakoa' saria emango dio bihar igandea, otsailak 15, Juanito Sarasola bazkideari, besteak beste Txinako Errepublikako euskal etxe bakarra den honetako fundatzaileetakoa izateagatik eta, ororen buru, azken urteotan Euskal Herria eta euskal kultura Txinan ezagutarazten eta sustatzen egin duen eta egiten ari den lanagatik. Sarasola ohoratzeko erabakia joan den abenduan eginiko batzarrean hartu zuen elkarte euskal-txinatarrak. Sari emate ekitaldia bihar goizean egingo da Shanghain, Euskal Etxearen egoitzan, eguerdiko hamabietan.

Shanghai, Txina. Txinako Euskal Etxeak bere bazkide eta fundatzaileetakoa den Juanito Sarasola sarituko du bihar igandean Shanghaiko egoitzan egingo duen ekitaldian. Sarasola ohoratzeko erabakia joan den abenduan hartu zuten euskal etxeko bazkideek elkartearen batzarraren baitan.

Sari-emate ekitaldia bihar igandez, otsailak 15, egingo da, eguerdiko hamabietan, nahiz eta hitzordua ordu erdi lehenago hasiko den, euskal etxeko bazkide, lagun eta gonbidatuak bilduz eta hamaiketako bat eginez hamaika t'erdietan. Euskal Etxetik gonbitea luzatu dute euskaldunak eta lagunak bertara daitezen.

Shanghaiko Euskal Etxea Txinako euskal etxe bakarra da eta 2005eko urte hasieran zabaldu zituen ateak, gehienbat Txinan lan arrazoiak direla-eta lanean ari diren euskaldunak eta euren familiak batzeko. Urtebete beranduago elkarteak 'Urrezko Abakoa' sariak sortu zituen, 2006ko urtarrilean emanez lehenengo aldiz, kasu hartan Juan Jose Ibarretxe lehendakariari.

Elkarte euskal-txinatarra joan den abenduan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak euskal etxe gisa.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia