euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Trikitixa eta Argentinako chamamé-a uztartuko dituzte bihartik aurrera Kepa Junkerak eta Chango Spasiuk-ek

2016/10/05

Chango Spasiuk eta Kepa Junkera, Manresako emanaldirako prestatzen (argazkia Chango Spasiuk Facebook)
Chango Spasiuk eta Kepa Junkera, Manresako emanaldirako prestatzen (argazkia Chango Spasiuk Facebook)

PUBLIZITATEA

Kepa Junkera trikitilariak ikuskizun berria taularatuko du bihar, "Mar de Fuelles" izenpean, Chango Spasiuk soinujolearekin batera. Ikuskizunak euskal trikitia eta Argentinako chamamé musika uztartuko ditu. Bihar Manresan izango dira, gero Madrilen eta Bartzelonan. Bestalde, Junkeraren produkzio taldeak EuskalKultura.com-i adierazi dio musikariak azaroan Argentinan egin behar zuen bira atzeratu egingo dela agenda arazoengatik. Data berriak jakin bezain pronto, aditzera emango ditugu, Junkerarekin kontaktatu nahi duten euskal etxeak jakinaren gainean egon daitezen. 

Bego Miñaur/Donostia-San Sebastián. Kepa Junkera bilbotarrak eta Chango Spasiuk soinujole argentinarrak "Mar de Fuelles" ikuskizuna aurkezteko bira labur bat hasiko dute bihar. Spasiuk Argentinako Misiones probintzian jaioa da eta bertako chamamé musika estilo tradizionala jotzen du. Chamamé guaranien musika eta dantzetan oinarria duen estiloa da, baina beste eragin ugari ere jaso ditu mendeetan zehar, Ameriketara heldu ziren migrazioen eraginez, esaterako, espainiarrena, jesuitena, afrikarrena eta baita judutarrena ere. 

Bi musikariek eskaini duten ikuskizun hau "lagun arteko topaketa bat" izango omen da, "bi bidaiari untzi batean bidaiatzen, polka, fandango eta martxak jotzen (...) musika ahozko transmisioaren bidez gordetzen duten bi mundu, gure guraso eta aiton-amonen etxeetan jotzen den musika".

Ikuskizuna honako kontzertuetan aurkeztuko da:   

-urriak 6, Manresa: Fira Mediterrania. Teatre Kursaal. Sala gran - 21:00. Info gehiago, hemen.
-urriak 8, Madril: Galileo Galilei. 21:00. Info gehiago, hemen.
-urriak 11, Bartzelona: CAT. 21:00. Info gehioago, hemen

Argentinako bira atzeratuta

Bestalde, aipatu, Junkeraren kontzertuen produkzio arduradunak EuskalKultura.com-i baieztatu diola Junkerak azaroan Argentinan egin behar zuen bira agenda arazoak direla medio atzeratu egin behar izan dutela. Gogora dezagun Junkerak bere burua eskaini zuela euskal etxeetan musika lantegiak eta ekitaldiak egiteko. Produkzio arduradunaren esanetan proposamenak erantzun itzela izan du, eta Argentinatik proposamen ugari jaso dituzte, baita Brasilgo baten bat ere. 

Bira atzeratu egingo bada ere, eskaintzak bere horretan dirau eta data berriak jakin bezain pronto aditzera emango ditugu, gure irakurleek Junkerarekin harremanetan jartzeko aukera izan dezaten.  



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia