euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Agirre lehendakariari bizi zela egindako azken erretratua, Peli Irazabal euskal venezuelarra egile, eman diote EAJri

2016/10/05

1959an margotu zuen lana Peli Irazabal-ek Agirrek Caracasera egin zuen bidaian (argazkia EAJ-PNV)
1959an margotu zuen lana Peli Irazabal-ek Agirrek Caracasera egin zuen bidaian (argazkia EAJ-PNV)

PUBLIZITATEA

Alderdi Jeltzaleak atzo jaso zuen dohaintzan Jose Antonio Agirre lehendakariari bizi zela egin zioten azken erretratua. Peli Irazabal Caracasen bizi zen mediku euskaldunak egin zion 1959an Lehendakariak bertara bidaiatu zuenean. Egilearen seme Jon Irazabalek atzo eskuratu zion EBBko buru Andoni Ortuzarri, bere ama Bedite Zabalaren azken nahia aintzat hartuz. Deia egunkariak jaso zuen atzo honen berri.

Bilbo, Bizkaia. Ekitaldi xume eta aldi berean hunkarria Sabin Etxean gertatu zen atzo eta bertan partaide izan ziren Jon Irazabal, bere emazte Ana Goikolea, Andoni Ortuzar eta Iñaki Anasagasti, azken hau bitartekari lanetan ibili baita. Dohaintza hau egitea Peli Irazabalen alargun Bedite Zabala zenaren azken guraria izan zen. Bedite Zabala joan den abuztuan hil da, 92 urte zituela.

Jon Irazabalek erretratuaren egilearen eta Agirreren arteko harremana azaldu zion Ortuzarri. "Gure ama, Bedite Zabala Otaola, Jose Antonio Agirreren emaztearen, Maria Zabala Aketxeren, lehengusu propioa zen. Horregatik, Agirre-Zabala senar-emazteek bisitatu zuten Venezuela 1959an. Eta hantxe marraztu zuen aitak erretratua, Lehendakariari bizi zela egin zioten azkena".

Lan honen emaitza une bereziki esanguratsu batean gertatu da, datorren ostiralean, urriaren 7an, 80 urte beteko baitira lehenengo Eusko Jaurlaritza, Jose Antonio Agirre buru, osatu zenetik. EBBko buru den Ortuzarrek Sabin Etxean daukan buegoko leku hautatu batean kokatuko du koadroa.

(Deiak argitara emana)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia