euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sarera heldu da Euskaletxeak.net webgunea, munduko euskal etxeen inguruko atari berria

2008/11/17

Webgunearen aurkezpen egunean agertu zuen azala
Webgunearen aurkezpen egunean agertu zuen azala

PUBLIZITATEA

Munduko euskal etxeen arteko harremanak suspertzeko jaioa da sarera Euskaletxeak.net webgune berria eta joan den ostegunean Ibarretxe lehendakaria buru zela egin zitzaien aurkezpena Jaurlaritzako Euskal Gizatalde gaietarako Aholku Batzordeko kideei. Ataria sarean da jada, eta bertan euskal etxeek Jaurlaritzarekin hartuemana eta tramiteak errazteko hainbat tresna aurkituko dituzte, beste zenbait zerbitzuen artean. Webgunean euskal etxeak izango dira protagonista eta eurek eginiko informazioa eta ekitaldien kronikak, argazkiak eta bideoak argitaratzeko aukera izango dute.

Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egoitzan eta munduko Euskal Gizataldeen gaietarako Aholku Batzordea bildurik egin zen www.euskaletxeak.net atari berriaren aurkezpena. Webgune honekin topagune birtual berri bat izango dute euskal etxeek eta bertan informazioa partekatu, Eusko Jaurlaritzarekin gestioak eta tramiteak egin eta euren arteko harremanak foro eta komunitateen bidez estutu ahal izango dituzte. Berritasun nagusienetako bat euskal etxeek izango duten partehartze maila izango da: eurak izango dira webgunearen hainbat edukien sortzaile eta kudeatzaile: albisteak, ekitaldien kronikak, argazkiak, bideoak...

Webguneak halaber euskal etxeek Jaurlaritzarekin egin behar dituzten gestio eta tramiteak erraztuko ditu. Webgunean sarbide mugatuko atal bat dago eta bertan euskal etxeek Jaurlaritzako datu basean euren informazio eta datuak eguneratu ahal izango dute (azpiegiturak, ekintzak, harremanak, kontu korrontea, bazkideak...) eta kontsultak egin ahal izango dituzte.

Era berean, atariak Diasporaren historiari buruzko hainbat eduki ere eskainiko ditu, horien artean Urazandi ekimeneko azken emaitzak: aldizkari eta egunkarien digitalizazioak, argazki artxiboa, ahozko lekukotasunak, eta abar. Webgunearen bitartez euskal etxeek zuzenean ekimen honetan laguntzeko aukera izango dute, euren materiala, argazkiak eta dokumentuak bidaliz. Azkenik, webguneak online trabakuntza eskainiko die erabiltzaileei, atarian bertan eskuragarri izango diren ikastaro eta ikusentzunezko materialaren bidez.

Aurkezpen ekitaldian, Ibarretxe lehendakariarekin batera parte hartu zuten Iñaki Agirre Kanpoko Ekintza Idazkari Nagusiak, Josu Legarreta Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendariak, eta Euskal Gizatalde gaietarako Aholku Batzordeko kide diren erakundeetako ordezkariek, tartean Eusko Legebiltzarreko, Foru Aldundietako, EHUko eta Euskaltzaindiko ordezkariek, eta munduko euskal etxeetako hiru ordezkariek (Argentinako Bahia Blancako Carlos Sosa, Madrileko Carlos Zaballa eta AEBetako San Frantziskoko Xabier Berrueta), euskal etxeetako federazioetako ordezkariekin batera.

Lotura interesgarriak

Sareratutako webgune berria
www.euskaletxeak.net



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia