euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sao Pauloko Euskal Etxe brasildarrak bertako euskal oroitza historikoa berreskuratzeko ekimena abiarazi du

2007/10/19

Euskal etxe brasildarrak Gernikako Bonbardaketaren urteurrenean egin zuen ekitaldietako bat
Euskal etxe brasildarrak Gernikako Bonbardaketaren urteurrenean egin zuen ekitaldietako bat

PUBLIZITATEA

Sao Pauloko Euskal Etxeak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, euskal-brasildarren memoria historikoa berreskuratzeko ekimenari ekin dio. Bere asmoa Brasilgo euskal komunitatearen argazki, material eta dokumentu-ondare historikoa bildu eta gordetzea da. Ekimenak bi zati ditu, alde batetik argazki eta dokumentu bilketa, eta bestetik euskal ondareari buruzko ikerlanen sustapena. Euskal Etxetik, gonbitea luzatzen diete parte hartu nahi duten guztiei, eurekin harremanetan jar daitezen.
Ekimenak, proiektua koordinatzen ari den Estebe Ormazabalek EuskalKultura.com-i aurreratu dionez, Brasilgo euskaldunen argazki, dokumentu eta objektu historikoak bildu eta zaintzea du helburu. ‘Egia esan aspalditik ari ginen pentsatzen nola jarri Euskal Etxearen material grafikoa sarean eta nola gorde iraunarazteko moduan. Eta, egia esan, Josu Legarreta Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendariaren bisitaren ondoren berak egin zigun digitalizazioaren proposamena'.

Bi zati ditu ekimenak. Batetik, argazki eta dokumentu historikoen bilketa. 'Euskal Etxeak bere gain hartuko du bilketa, katalogazio eta digitalizazioaren ardura eta gero utzitako materialak digitalizazioaren emaitza biltzen duen DVD batekin bueltatuko ditu', azaltzen dute Euskal Etxeko arduradunek. 'Material hau publikoarentzat eskuragarri izango da Jaurlaritzaren datubase batean eta erabili nahi dutenek dokumentuak utzi dituztenei baimena eskatuz egin ahal izango dute'.

Bestetik, Euskal Etxeak Brasilgo euskal diasporari buruzko ikerketak bultzatuko ditu. 'Webgunea jarri genuenetik euskal presentzia ikertzen ari diren pertsona asko gurekin harremanetan jarri dira eta lan guzti hauek bildu eta liburu batean edo webgune batean argitaratu nahiko genituzke', azaltzen du Ormazabalek.

Ekimenean parte hartu nahi duenak (materiala utziaz edo ikerketaren bat eginez) Euskal Etxearekin harremanetan jarri behar du, e-maila bidaliz elkarteari edo Estebe Ormazabal, ekimenaren koordinatzaileari.


Lotura interesgarriak

Sao Pauloko Euskal Etxea
www.euskaletxeabrasil.com.br

Sao Pauloko euskal etxea Guaraní Mbyá herriarekin
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007kouztailaren 12an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia