euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Frantziskoko 'Basque Hotel' eta NABOk AEBko euskal soinujotzaileei 1994an egindako omenaldi aurreko bideoa

2021/03/12

Bernardo Yanci bideoko irudi batean, SFOn Romoloko 'Basque Hotel'en, atzean Bixente Inchauspe duela
Bernardo Yanci bideoko irudi batean, SFOn Romoloko 'Basque Hotel'en, atzean Bixente Inchauspe duela

PUBLIZITATEA

San Frantzisko, AEB. Bideo bat plazaratu dute aste honetan Basque Roots eta Amerikanuak-ek, NABOk 1994an Estatu Batuetako soinujotzaile historikoei San Frantziskon egin zien omenaldi eta lehenengo Akordeonaren Bestari lotutako irudiak biltzen dituena. Izan ere, festa haren aurretik San Frantziskoko Broadway auzoko 'Basque Hotel'en, mahai baten inguruan ohi denez, hainbat euskaldun bildu ziren, tartean Jimmy Jausoro eta Bernardo Yanci jotzaile historikoak, egun joanak, besteak beste Kalifornia osotik, Nevadatik eta Idahotik bildutako lagunekin.

Euskal komunitatean ezagunak diren hainbat aurpegi ikus ditzakegu bideoan, 25 urte gazteago bistan da. Horien artean, Jean Flesher, gaur egun munduko euskal etxeen ordezkari dena Jaurlaritzako Diaspora gaietarako Aholku Batzordean, akordeoijotzailea bera ere eta antolatzaile omenaldi hartan. Gogora dezagun Gure Euskal Etxean egin zen Akordeonaren Besta hartan omenaldi berezia izan zitzaiela hiru izen historikori: bideo honetan agertzen diren Jim Jausoro (Boise) eta Bernardo Yanciri (Elko), eta Pedro-Juan Etchamendy (Chino aldea). Pedro-Juan Etchamendy ere agertzen da momentu batean, baina akordeoirik gabe.


1994ko otsailaren 18an San Frantziskoko 'Basque Hotel'en egindako lagunarteko elkarretaratzea

1994koa, Estatu Batuetako euskaldunek antolatu zuten lehenengo Akordeonaren Besta izan zen, eta hiru soinujotzaile historiko hauei omenaldia egitea izan zuten bilgarri. Geroago etorriko ziren bigarren Akordeoilarien Biltzarra (2004), eta hirugarrena (2014). Gogora dezagun Jim Jausoro (1920-2004) AEBen euskaldun jaiotako musikaria izan zela eta oso ezaguna egin zela gaztea zenetik Idaho eta inguruko euskal festetan jotzen, bakarka, bere lagun eta panderojole Domingo Ansotegui-rekin, edota Jim Jausoro Orchestra-rekin. Beste zenbait errekonozimenduren artean, AEBko "National Heritage Award" (1985) sariaren jabe zen. 

Bernardo Yanci (1926-2016) Nafarroako Lesakan jaio eta gazterik emigratu zuen AEBra. Bere akordeoiarekin soinu-banda ezarri zien Elko (Nevada) eta inguru zabal bateko euskal ekitaldiei, ezkontza eta bataioetatik, euskal festa eta elkarretaratze klase guztietara. Pedro-Juan Etchamendy (1914-2002) Baxenabarreko Arnegin jaio eta Hego Kaliforniara emigratu zuen 1950ean emazte eta familiarekin. Euskal Herritik atera aurretik ere izena egina zuen soinujotzaile eta konpositore gisa. Chinon ere ahal izan zuela ibili zen musikari eta baita bertsogile ere, istripu batek esku bateko behatza galduarazi eta jotzea eragotzi zion arte.

-Basque Roots in Facebook
-Amerikanuak in Facebook
-Pierre Ygoa and Basque Roots



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia