euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Puerto Madryngo Etorritakoengatik Euskal Etxeak, Patagonian, egoitza preestreinatuz eman dio azken agurra 2017ari

2017/12/26

Etorritakoengatik Euskal Etxeko lagunak egoitza berriaren aurrean
Etorritakoengatik Euskal Etxeko lagunak egoitza berriaren aurrean

PUBLIZITATEA

Berri bikaina dute Chubut probintzia argentinarreko Puerto Madryngo Euskal Etxeko lagunek euskal komunitatearekin konpartitzeko: datorren urteko ekintzak –dantza eta euskara klaseak eta sukaldaritza aktibitateak– lortu berria duten egoitza berrian garatuko dituzte. Lokala hiriaren erdigunean dago eta dagoeneko ‘preestreinatu’ dute etxeko kideek urte amaierako afaria bertan egiten. Inaugurazio formala, ordea, urtarrilaren amaieran gauzatzea espero dute, eskualdeko gainerako euskal etxeetako ordezkariak lagun.

Puerto Madryn, Argentina. Sei urte bete ditu aurten Etorritakoengatik Euskal Etxeak. Gaztea bada ere, oso bide sendoa egin du urte hauetan hiriko euskal kolektibitatearen erreferentea bihurtzeko. Hala ere, ahulezia bat ere nabaritu izan du elkarteak. Izan ere, egoitza ez izatea oztopo handia suertatu zaio hanbati, batez ere gazteei, biltzeko lekurik ez zutelako. Baina egoera hori aldatu egin da, Euskal Etxeak lokal bat alokatu baitu elkarteko egoitza izan dadin.

Carlos Aristarain lehendakariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “gure hasierako asmoa udaletik lur sail bat eskuratzea zen, bertan Euskal Etxea eraikitzeko. Eta oraindik segitzen dugu ahalegin horretan, eta dagozkion izapideak egiten ari gara helburu hori lortzearren. Baina leku bat izatearena lehentasun bilakatu zaigu, ezinezkoa suertatzen zaigu haztea etxerik gabe eta horregatik erabaki dugu, leku bat jabegoan lortu bitartean, lokal bat alokatzea. Hala egin dugu, tokia oso egokia da eta erdigunean dago. Ikusgarritasuna ematen digu, jendeak ikusten egiten gaitu eta horrek kide berri ugari ekar diezaguke”, esan digu.

Etorritakoengatik-en egoitzak klaseak eta bilerak egiteko areto bat du eta baita sukaldea eta bulego txiki bat ere. “Patio handi bat ere badaukagu eta patioan erretokia, oso aproposa jaiak egiteko. Hala ere oraindik hobekuntza lan batzuk egin behar ditugu patioan eta hori bukatu eta gero egingo dugu inaugurazioa, seguruenik urtarrilaren amaieran. Ekitaldirako beste euskal etxe batzuetako lagunak gonbidatuko ditugu ezagut dezaten”, baitetsi du Etorritakoengatik-eko lehendakariak.

Inauguraziorako aste batzuk geratzen dira, baina estreinatu, egoitza estreinatu dute dagoeneko euskal etxekoek: Urte Amaierako afaria egin berria dute bertan, Gabonetarako herriraten diren ikasle gazteen bisita aprobetxatuz.

Etorritakoengatik Euskal Etxea Albarracin kaleko 375. zenbakian dago. Honakoa du Facebook-eko kontua Centro Vasco Puerto Madryn.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia